jueves, 15 de noviembre de 2018

Bosgarren Mintzodromoa Euskaraldiarekin batera dator

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el miércoles día 14 de Noviembre de 2018.

BOSGARREN MINTZODROMOA, EUSKARALDIAREKIN BATERA DATOR


Aurtengo Mintzodromoaren aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera, Arantxa Berrotaran (Bidasoa Txingudi partzuergoko zuzendaritza batzordeko kidea), Beñat Arrabit (Euskal Hirigune elkargoko Hizkuntza politikaren lehendakariordea), Monica Martinez (Irungo Udaleko euskara arloko ordezkaria), Ander Almandoz (Bortzirietako ordezkaria) eta Iñaki Abad (Irungo Mintzalaguna).
Sareuska egitasmoak bosgarren Mintzodromoa antolatu du Irunen. Euskaraldiaren hasierarekin batera egingo dute aurten, hilaren 23an zehazki (10:00etatik 12:00etara). Dagoeneko izena eman daiteke, eta hilaren 18ra bitarte luzatuko dute aukera hori.
Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa da Euskaraldia, eta Mintzodromoan ere helburu berbera zehaztu dute. Irungo Mendibil Merkataritza gunea izango da Mintzodromoaren agertoki nagusia, jatetxe eta zinema inguruan egingo dute. Hala, bertaratzen direnek tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan euskaraz mintzatuko dira, egitasmotik adierazi dutenez, “giro xamur eta lagunartekoan”. Hiru gai ezberdin proposatuko dituzte 15 minutuz mintzatzeko asmoarekin.
Julian Iantzi telebistako aurkezle ospetsuak dinamizatuko ditu saioak eta harekin batera, Ane Saseta Bidasoa XXIeko presidente eta igerilari ohia, Ander Elosegi piraguista eta Javier Muguruza musikaria izango dira. Saioaren amaieran, Iker Lauroba eta Leire Leturia musikariek emanalditxo bat eskainiko dute. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango dela jakinarazi dute Sareuska-tik.
2014an sortu zuten Sareuska egitasmoa, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Hego Lapurdiko Euskal elkargoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Helburua, Bidasoaren bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea.
Mintzodromoan apuntatzeko, Irungo Udaleko webgunean egin beharko dira izen emateak.

No hay comentarios: