“Harro herri honetan badago harrobia, indartsua oso”
Bizitza oso bat eman du Irungo AEK-ko irakasle bezala. Ostegunerako irrikaz da, aurtengoa «ahaztezina» izango dela ziur da. «Aldarrikapen eta festa egun biribila» izango dela dio.
Aurtengoa 40. ikasturtea duzu AEKn irakasle bezala. Begirada atzera botata, nolako bilakaera izan du AEK-k?
Egia esan hainbeste urte pasa dira, ez dudala pentsatzeko tartetik atera ere. Azkar pasatu dira urte hauek guztiak, eta orain konturatzen naiz zein talde sendoa dagoen gaur egun. Gazte hauek ikustea nola mugitzen diren, zer martxa duten, nola antolatzen duten… Zer sentitzen dudan? Lasaitasuna. AEKn hasi nintzenetik pixkanaka-pixkanaka egunak, hilabeteak eta urteak pasatu dira eta honaino ailegatu gara. Eta orain ikusten dut, lekukoa tartean dugun honetan, transmisio hori bermatuta dagoela, eta ongi bermatuta gainera. Eta horrek sekulako poza emateaz gainera, lasaitua ere ematen du. Denok dakigu AEK ez zela sortu ez dakit zenbat urtetan irauteko asmotan. Izan ere, AEK proiektua bera ere desagertzeko asmotan sortu zen. Eta momentuz, horretan segitu beharra dugu.
Beraz, ezinbesteko izaten jarraitzen du AEK-k gaur egun ere.
Tamalez bai. Baina zorionez talde sendoa dugu. Harro nago, batez ere AEKn eta inguruan dagoen jendearekin. Harrobia badago zorionez, harro herri honetan harrobia badago, indartsua oso. Eta noski, hori egunez egun erakusten ari dira. Lanean ari dira inurriak bezain indartsu, isil-isilik, gauza guztiak prestatzen. Hilaren 14rako dena prest dute. Dena zoragarri ateratzen ari da. Beraz, horrek esan nahi du talde ona dugula, etorkizuna izango duena ziur.
1980ko hamarkadako AEK, eta oraingoa. Asko aldatu da?
Uste dut dinamikak ez direla asko aldatu, kontua da orain ja profesionalizatu egin dela nolabait. Ni hasi nintzenean AEK izaera hartzen ari zen. Jende asko gau eskolatik zetorren, eta haiek beste ofizio batzuk zituzten. Pixkanaka profesionalizatzen joan ginen, gaur egun AEK dena egituratzen hasi ginen. Tipologia eta helburua pixka bat aldatu direla esango nuke. Esan nahi dut, garai hartan jendea euskalduntzera edo berreuskalduntzera etortzen zen gehienbat. Orduko egoera oso ezberdina zen, noski. Eta gaur egun, badago euskalduntzera datorren jendea baina badago tituluen presio hori, euskarazko tituluak eskuratzekoa. Baina hortik harago, zorionez, ikusi dut AEKra etortzen den jendeak ikusten duela euskararen bitartez oso mundu zabala irekitzen zaiela. Orduan, ez da horretara mugatu behar. Hau ez da lasterketa bat, eta C1 edo C2 ateratzeko buru-belarri aritzea bakarrik. Prozesua gozatu behar da, hizkuntza ezagutu, mamitu eta maitatu. Garai batean esaten zen euskara ez zela maitatu behar, hitz egin behar zela baizik, eta gaur egun ikusten dut maitatu ere egin behar dela, eta pixka bat zaindu.
Borroka luze eta gogorra izan duzue AEK-ko kideek, hortaz.
Lehen urteak, zailak ez dakit, baina borroka egiteko urteak izan ziren, bai. 17 urterekin hasi nintzen AEKn, pentsa. Alfabetatze maila egiten hasi nintzen. Sekulako giroa zegoen garai hartan, eta Irun oso bizia zen alor askotan, musikan esaterako. Zorionez, orduan izan genituen gerora musikari handiak izango zirenak AEKtik gertu. Euskaldundu egin ziren talde asko, hor izan genituen, besteak beste, Antiregimen, Vomito edo Kortatu. AEK izan zen ikaragarrizko mundu bat zabaltzea jende askorentzako. Haize freskoa ekarri zuen AEK-k, erabatekoa. Eta esan bezala, erreferentzia berri asko ekarri zituen. Askotan ematen zuelako euskara, bertsolaritza bezala, zaharren kontua zela, edo nolabait etxean gorde beharrekoa, ikastolan erabili beharrekoa, baina bestelako kontuetarako ez. Gaur egun beharbada aldatu egin da hori. Lehen musika, esaterako, hizkuntza jakin batean entzun behar zen, eta euskaraz bertsolaritza eta horrelakoak ziren bakarrik. Hertzainak taldeak berak esaten zuen: bertsolaria edo trikitilaria izan behar al duk euskalduna izateko? Hori guztia izan zen, haize freskoa, panorama berri baten aurrean jarri gintuelako. Ekosistema oso bat izan zen, egia esan. Eta gaur egun fruitu horiek ikusten dira. Gauzak aldatu dira, zorionez. Borroka luzea izan da, baina bilakaera handia izan du AEK-k eta euskarak. Bakoitzak bere alorretik erein egin du eta segitu du horretan, eta fruituak ikus daitezke gaur egun.
Korrika Irundik abiatzeak, zer suposatzen du hiriarentzako eta irundarrentzako?
Jakin nuenean flipatu egin nuen, ez nuen espero. Gainera, kontuan hartu behar da orain arte herri txikietatik atera izan dela Korrika, biztanle kopuru jakin batetik beherako herrietatik abiatu da beti. Gureak begira zenbat biztanle dituen, eta zein dimentsioa duen Irunek. Iruditzen zait erdigune horretatik ertzetara ekartzea eta horrelako herri handietara ekartzea oso onuragarria izango dela guztiontzat, ez soilik irundarrentzat. Nik beti diot Euskal Herriaren bihotza dela Irun, oso leku estrategikoan bizi garelako. Oso pozik nago hemendik aterako delako, eta pentsatzen dut sekulakoa izango dela. Nire kideek esaten duten bezala, ahaztezina izango da ziur, argi dut hori.
Furgonetaren zain egon beharrean, arrankada bizituko duzue datorren astean. Une magikorako prest zaudete?
Oso berezia izango da, beste modu batera biziko baitugu, lehen aldiz gainera. Festa egun handia izango da, goiz-goizetik abiatuko duguna. Arratsaldean abiatuko da Korrika San Juan plazatik. Espero dugu jende asko etortzea. Egun osoko ekitaldiak izango ditugu. Eta ezin ditugu ahantzi orain arte Korrikaren harira egindako guztiak. Kateako Korrika Eguna kolosala izan zen, Larreaundikoa ere mundiala izan zen. Aurreko asteburuan Santiagokoa egitekoa zen baina eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan genuen. Baina Korrikaren harira Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egin genuen, Aitzondo Euskara Taldeak antolatuta. Eta asmoa da txapelketa honekin jarraitzea. Beraz, ikusi dugun bezala, Korrikak horretan ere eragiten du. Esan nahi dut, Korrika ez da egun bakarrekoa. Korrikak gauza asko aldarrikatzen ditu, eta horiei ikusgarritasuna emateko eta azalera ekartzeko ere bide polita da. Harrera Sarearekin egindako Hizkuntzak mugarik gabe ekitaldia ere ederra izan zen. Eta hor aldarria zein zen? Irregularki bizi direnek euskara edo bertako hizkuntza ikasteko erabateko eskubidea dutela. Beraz, borroka asko barnebiltzen ditu Korrikak, eta horregatik ere egitasmo oso garrantzitsua dela uste dut. Hemengo errealitateari ikusgarritasuna eman zaio Korrikari esker.
Korrika guztiak (edo ia guztiak) bizitu dituzu. Gogoan duzu lehenengoa?
Ahaztezina izan zen. Nire lehenengo Korrika ederki gogoratzen dut. Ikastolako lagunekin joan nintzen, orduko kamiseta etxean dut oraindik gordeta. 14 bat urte izango nituen. Egun horretan esan nuen: baina zer da hau? Asko harritu ninduen. Ordutik anekdota asko gogoratzen ditut. Dena den, lehena balira bezala bizitzen ditut guztiak. Urduri nago, eta nahiago dut eguna iritsi arte ez pentsatu [barrez]. Irrikaz gaude denok.
Korrikaren agertoki nagusia Irun izateak irundarren artean zer nolako eragina izan dezakeela uste duzu?
Korrika zalantzarik gabe pizgarri bat da, eta uste dut kontzientziatzeko baliagarria dela. Azken batean euskaraz bizitzea erabaki politikoa da. Euskaldunok erabakitzeko aukera dugu, erdaldunek ez bezala. 35.000 lagunetik gora euskaldunak dira Irunen, beraz, asko dira euskaraz egiteko hautua egin dezaketenak. Ez dut zama guztia euskaldunon gain utzi nahi, baina uste dut ardura handia dugula. Erabaki politikoa den heinean, zorioneko gara euskara eta gaztelania gutxienez baditugulako. Administrazioek, noski, ardura dute, haien ardura da Euskal Herrian bertako hizkuntza denez, euskaraz egiteko berme guztiak jartzea, baina hori iristen zaigun bitartean oso bide luze eta nekeza dugu aurretik. 35.000 lagun horiek hautatu beharko dute nola bizi nahi duten. Kontzientzia iristen da momentu jakin batean, eta horretarako erreferentziak beharrezkoak dira. Eta erreferentziak behar ditugu arlo guztietan, bai musikan, literaturan, hedabideetan… Eta Korrika ere izan daiteke erreferentzia bat kontzientzia hori lortzeko. Beraz, herritar oro animatu nahi dut hilaren 14ko aldarrikapen eta festa handira, egun biribila izango baita
No hay comentarios:
Publicar un comentario