Eskubaloiko Bosgarren San Martzial txapelketa egingo dute Artalekun
Larunbat honetan, hilak 13, emakumezkoen Txingudi Eskubaloia, Corazonistas, SHHB Hendaye eta Ibaizabal taldeen arteko lehiak izango dira.
Eskubaloiak ez du etenik Irunen. Denboraldia amaitu bada ere, larunbat honetan, hilak 13, emakumezkoen partidak izango dira Artalekun. Txingudi Eskubaloia taldeak antolatutako bosgarren San Martzial txapelketa jokatuko dute emakumezkoen senior taldeek. Txingudiko emakumeekin batera, Gasteizko Corazonistas, SHHB Hendaye eta Durangoko Ibaizabal taldeak izango dira lehian. Gainera, aurtengo txapelketak berritasun bat izango du. Senior taldeekin batera, Txingudi Eskubaloiako eta Corazonistaseko kadeteek bi partida jokatuko dituzte, 12:30ean eta 17:00etan.
Eskubaloia Irungo nortasunaren parte garrantzitsua da betidanik, eta txapelketa honen bitartez, emakumezkoen eskubaloiari ikusgarritasuna eman nahi zaio. Batez ere, maila absolutuan. Gizartean dauden estereotipoak apurtzeaz gain, gazteak maila absolutuetara hel daitezen animatu nahi dituzte. Gaur egun, kirolari askok hainbat arrazoiengatik eskubaloia uzten dute adin batera heltzen direnean.
09:30ean hasita, Txingudi eta Ibaizabal taldeen aurkako partida izango da, eta hura amaitzean, 11:00etan, Corazonistas eta Hendaiaren artekoa. Finalerdiak jokatu ondoren, kadeteen txanda izango da. 14:00etan, bazkaria egingo dute lau klubetako jokalariek. 15:30ean, galtzaileen arteko partida izango da; eta, 18:30ean, berriz, finala. Eguna amaitzeko 20:00etan, sari banaketa egingo dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario