Gazteak On: Elikadura Erronka 2026ko sariak banatu dituzte
Aurten, bi sari banatu dituzte: epaimahaiarena eta herritarrena. Toki Alai BHIko eta El Pilar ikastetxeko ikasleak izan dira, hurrenez hurren.
2026ko Gazteak On: Elikadura Erronka lehiaketa amaitu da. Aurreko ostiralean, hilak 5, Bioterra azokaren baitan, aurtengo sari banaketa egin zuten Ficoban. Bi urtez jarraian, Maïa Permaculturek, Labore Txingudik eta Hendaiakoopek gazteen arteko harremanak eta elikadurari buruzko hausnarketa partekatua sustatzeko antolatu dute lehiaketa. Hilabeteotan, eskualdeko zenbait ikastetxeetako ikaslek elikadura jasangarriaren ikeerketak eta ikus-entzunezkoak garatu dituzte. 31 taldek eman dute izena, eta gutxi gorabehera 250 ikasle izan dira lanean proiektuotan.
Bigarren edizio honetan askotariko gaiak jorratu dituzte ikasleek; hala nola, gosari osasuntsuak, elikadura-ohiturak, tokiko produktuak, elikagaien jatorria, kontsumo arduratsua edo elikadurak ingurumenean duen eragina, besteak beste.
Antolatzaileek talde guztien lana eskertu nahi izan dute, baita horietako bi taldeena saritu ere. Aurten ere, bi sari banatu dituzte. Batetik, epaimahaiaren saria Toki Alai BHIko ikasleek egindako Zer da gosari osasuntsua lanarentzat izan da. Aurtengoa lehia estukoa izan da, eta puntu bakar batengatik gailendu zaio bigarren taldeari, 143 puntu eskuratuta. 600 euroko saria jasoko dute ikastetxean elikadura burujabetza sustatzeko proiektu bat garatzeko.
Bestetik, herritarren saria El Pilar ikastetxeko Arazoa vs Konponbidea lanak jaso du. Herritarren artean babes handia jaso du, eta hori dela eta, 400 euroko saria eskuratu dute ikasleek euren ikastetxean elikadura burujabetzarekin lotutako proiektua garatzeko.
Bigarren edizioa amaituta, dagoeneko hirugarrena prestatzen ari dira, buru-belarri. Gazteen ideiek elikadura jasangarriago, osasungarriago eta bidezkoago baterantz egiten duten ekarpena indartzen jarraitzeko. Gainera, laster Gazteak On plataforma martxan jarriko dute. Bertan, ikasleen lanetan inspiratutako eduki interaktiboak, hezkuntza-baliabideak eta elikaduraren inguruko material pedagogikoak bilduko dituzte.


No hay comentarios:
Publicar un comentario