martes, 9 de junio de 2026

XVI. Dies Oiassonis jaialdi erromatarra uztailaren 15etik 19ra egingo dute

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 9 de Junio de 2026.

XVI. Dies Oiassonis jaialdi erromatarra uztailaren 15etik 19ra egingo dute

Aurtengo edizioak hiriaren ondarea ezagutarazteko proposamen ugari izango ditu; Ainhoa Gordo irundarrak aurtengo kartela egin du.

Dies Oiassonis jaialdi erromatarra udako jarduera arrakastatsua izan ohi da, eta aurten ere, hala izatea espero dute. XVI. edizioak dagoeneko badu kartela, Ainhoa Gordo irundarrak egindakoa. Uztailaren 15etik 19ra bitartean egingo dute Oiasso museoan, eta horren harira, jarduera ugari antolatuko dituzte hiriaren ondare erromatarra herritarrei hurbiltzeko asmoz. “Dies Oiassonis jaialdi bat baino askoz gehiago da”, adierazi du Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak. 

Gainera, Dies Oiassonis jaialdia tokiko jaialdia dela adierazi dute aurkezpenean, hiriarekin oso errotuta dagoena. “Hamabost edizioren ondoren, hitzordu berezia, ezaguna eta erakargarria finkatu da irundarrentzat eta bisitatzen gaituztenentzat”. Jaialdi honek bi funtzio ditu. Batetik, Oiassoko ondarea zabaltzea eta balioestea; eta bestetik, Irun kanpora proiektatzea. Gainera, jaialdia aurrera eramaten lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete, “egindako lanagatik eta pasioagatik”.

Egun horietan, hainbat jarduera egingo dituzte jaialdi bisitatzen duen ororentzat. Jarduera horien egoitzak Oiasso museoa eta Almudena Grandes plaza izango dira. Museoan garai hartako birsortze historikoko jarduerak egingo dituzte; eta plazan, berriz, Emilio del Rioren hitzaldia, Nayade Abesbatzaren kontzertua eta antzezlanak egingo dituzte.

Gastronomiak ere ez du hutsik egingo jaialdian. Hiriko hogei taberna inguruk hartuko dute parte Isicia omentata pintxo ibilbidean. Pintxo ibilbideaz gain, Convivium edo afari erromatarra egingo dute San Juan plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Santiagoko pilotalekuan egingo dute, karpa baten estalpean. 

Antzezlanerako, zirku erromatarraren hiru ikuskizunetarako eta Convivium-erako sarrerak bihartik aurrera, hilak 10, erosi ahalko dira udal webgunean edota Luis Marianoko turismo bulegoan.

No hay comentarios: