miércoles, 26 de abril de 2017

Egunik gozoena

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el miércoles día 26 de Abril de 2017.

Egunik gozoena

Eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren eta lan eguna izanda ere, gustora ospatu zuten San Marko jaia Irun eta Hondarribiko ume eta amabitxiek
XABIER SAGARZAZUREN ERREPORTAJE ETA ARGAZKIAK - Miércoles, 26 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:11h
Apirilaren 25a egun berezia da Irun eta Hondarribian. San Marko jaia ospatzen da, txikitatik ilusioz bizi ohi dena. Egun honekin, atzo bezala, amabitxiek haien besoetakoei opila oparitzen diete, almendrazko bizkotxoa oinarri eta apaingarri modura gozokiak, arraultza egosiak (edo txokolatezkoak) eta txitoa dituen gozoa.
Eguna esnatu eta berezkoa opila hori bedeinkatzera joatea da. Irun eta Hondarribia artean, hamabi parroki elizatan egin ziren atzo goizean zehar opilen bedeinkapenak. Jendetsuenak, Jasokunde eta Sagarrondoko elizakoa, Hondarribian, eta Junkalgo Amaren parrokiko plazakoa, Irunen.
JAI EGUNA, ESKOLETAN Hondarribian, ehunka lagunek betetzen zuten eliza, 10.30etan hastekoa zen bedeinkapenaren aurretik. Txikiek eskoletan jai zuten atzo, baina gurasoentzat, San Marko ez da jai egun ofiziala, beraz, askok lana egin behar zuten edo bestela, opor eguna zuten hartuta.
“Ilusioa egiten didan eguna da hau eta horregatik, ia urtero San Marko eguna libratzea eskatzen dut nire lanean. Polita da guk ere txikitan bizitzen genuen jai hau gaur egungo umeekin ere bizirik dagoela ikustea”, esaten zuen 51 urteko Cristina Díaz hondarribiarrak. Bedeinkapenera ez zuen hutsik egin Díazek, sei, bost eta lau urteko iloba dituen Lucas, Martina eta Aitana txikiekin batera.
Viktoriano Etxabe parrokoaren bedeinkapenaren zain zeuden ere atzo, Jasokundeko elizan, 38 urteko Ana Eizagirre eta bere sei urteko semea, Mattin. “Nik gaur jai dut, eskola bateko langilea naizelako. Gustura etortzen naiz beti. Ez dut besoetakorik oraindik, baina semearekin bizitzea oso polita da. Garrantzitsua da ohitura hau, guk txikitan bizi izan genuen bezala, gaurko umeei erakustea eta indar-tsu dagoela ikustea”, esaten zuen hondarribiar honek.
Milaka lagunek parte hartu zuten opilen bedeinkapen ekitaldietan eta gero, ohitura jarraituz, lagun eta familiartean jan zituzten
Minutu batzuen ostean, Viktoriano Etxabek bedeinkapena eman zuen eta ehunka opila airera altxatu zituzten txiki eta haundiek, ur sakratuaren bila.
PLAZA, LEPORAINO Irunen ere, Junkalgo Amaren parrokiko plaza jendez leporaino zegoen, 11.00etan hastekoa zen bedeinkapenaren aurretik.
Han zen 36 urteko Sandra García irundarra, bederatzi eta hiru urte dituzten Nahia eta Eider bere alabekin. ”Amabitxiek lana dute gaur eta nirekin etorri dira”, esaten zuen.
Fernando Jiménez erretoreak egin zuen Irun eta Hondarribiko umeek San Marko egunean jaso-tzen duten opari gozo honen bedeinkapena. Baina aurretik, hitzaldi labur batean, gogora ekarri zien, bertaratutako guztiei, egun honen eta opila beraren esanahia.
“Ia dena ordaindu behar izaten dugun garai hauetan, opila, amabitxiek ilusio eta amodioz egiten diguten oparia da, musutruk jaso-tzen ditugun gauza gutxi horietako bat”, gogoratu zuen apaizak. Eta egun honek daukan beste ezaugarria azpimarratu zuen aldi berean. “Opila ez da guretzako bakarrik, lagunartean edo familiarekin partekatzen dugu, edo bere zentzua ere galdu egiten da”, nabarmendu zuen Junkalgo parrokoak, airera altxa ziren ehunka opil bedeinkatzeko unearen aurretik.
EGURALDI KASKARRA Ohitura da opila bedeinkatu ostean, mendi edo landa gunean bazkariarekin batera jatea, Guadalupe, San Martzial edo Ibarlan, bereziki. Baina atzo, eguraldiak ez zuen lagundu. Euri zaparradak izan ziren tarteka goizetik eta zeru estalia.
Bai Cristina Díezek eta Ana Eizagirrek Hondarribian, eta Sandra Garciak, Irunen, pozik bizi zuten atzoko eguna. “Eguraldiak lagun-tzen ez duenez, etxean jango dugu lasai opila”, esan zuten.

No hay comentarios: