Irungo Atsegiñak zortzi erraldoiak zaharberrituko ditu. / Oihana Sánchez
Ehun urtetik gorako erraldoiak lehen eguneko esentzia berreskura dezaten, Irungo Atsegiña Aisi Kultur Elkarte Ongileak bere zortzi erraldoiak guztiz zaharberrituko ditu. Erraldoien egoera aztertu ostean, erraldoien zati esanguratsuenak mantenduz, jantzi, osagarri, egitura, gorputz eta beso berriak izango dituzte erraldoiek.
Erraldoien jatorria ezezaguna izan arren, Bilbo hiriko 1895. urteko erraldoiak direla uste da, Irungo Atsegiñak kontsultatutako Eskuartean enpresaren arabera. Erraldoien eskuak dira hipotesi hau indartzen duen antzekotasuna. Honexegatik, XIX. mende amaierako Bilboko erraldoien irudi eta argazkietan erreparatuz zaharberrituko dira zortzi erraldoiak.
Interesa duen orok parte-har dezake zaharberritze prozesuan. Lehenbizi, lau erraldoi berriztatuko dira, baserritarrak eta turkiarrak. Erraldoi bakoitzak 43 zati izango ditu. Zati bakoitzak 200 eta 300 euro arteko kostua izango du eta zati hauen finantzaketan laguntzen duen orok, oroigarri bat jasoko du. Honetaz gain, erraldoietan laguntzailearen izena jarriko da. Babestu daitezkeen 43 zatietako bat erraldoien pelukak dira. Hauek, 19.360 euroko kostua dute, proiektuaren %21,52-a.
Erraldoien atalak finantzatzeko, interesa duten kuadrilla, enpresa, instituzio, familia edo norbanakoek irungoerraldoiak@irungoatsegina.org helbide elektronikora zuzendu daitezke edo elkartera gerturatu daitezke, astearteetan, 19:00ak eta 20:00ak bitartean.
Erraldoien zaharberritze prozesua jarraitzeko, elkartean ikusgai egongo dira ze atal dauden finantzatuak eta zaharberritzea elkarteko sare sozialen bitartez jarraitzeko aukera egongo da. Era berean, laguntzaileek zaharberritze prozesua jarraitu dezaten, Eskuartean enpresaren tailerrera irteerak antolatuko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala jakinaren gainean daude eta Gordailuko arduradunek zaharberritze prozesuaren zabalpenean laguntzeko prestutasuna adierazi dute.
Irungo Atsegiñako erraldoiak
Irungo Atsegiña Aisi Kultur Elkarte Ongilearen erraldoi konpartsa zortzi erraldoik osatzen dute: baserritar bikotea, alkate bikotea, bikote beltzarana eta bikote turkiarra. Balio historiko eta artistiko handiko piezak dira zortzi erraldoiak. Aurpegiek narriadura arrastoak izan arren, eta eskuak zahartuak egon arren, piezen kalitatea eta xehetasunak antzeman daitezke. Zedro egurrez zizelkatuak daude eskuak.
Ehun urtetik gorako historian, hamaika istorio bizi izan dituzte irungo gizarteari lotuta. Denbora tarte horretan, zenbait pintura esku jaso izan dituzte, hobeagoak ala okerragoak, eta zaparradaren bat ere. Ala ere, zaharberritze proiektuaren bitartez lehen eguneko distira berreskuratzea espero da betiko ekitaldietan eta sor daitezen ekitaldietan.
Erraldoien jatorria
Lehen aipamenak “El Bidasoa” astekariko “Roque Fort” kronikalariarenak dira. Honen idatzietan Irungo Atsegiña elkarteko erraldoiak Donostian ezagunak zirela, aipatzen da. Izan ere, Arana Jaunarenak (Donostiako zezen plazako enpresaria) ziren erraldoiak.
Zehaztu gabeko une batean, erraldoiak Irungo San Miguel auzora iritsi ziren eta Doña María Gal-ek jaso zituen. 40. hamarkadan, Gal-ek Irungo Atsegiña elkarteari eskaini zizkion erraldoiak. Egun, ematearen dokumentua eta eskertza gutuna elkarteak gordeak ditu.
Elkarteak kontsultaturiko enpresaren arabera, erraldoien jatorria Bilbon egon daitekeela, adierazi da. Bilbok 1895ean sortu zituen zortzi pertsonaia oso antzekoak dira Irungo Atsegiñako erraldoiak (baserritarrak, alkateak, beltzak eta turkiarrak). Bilbokoen esku eta buruak Basterra eta Larrea artisau bizkaitarrek gauzatu zituzten eta 1896ko maiatzaren 2an gizarteratu ziren. Bilboko erraldoiak aintzat hartuta, bi hipotesi nabarmentzen dira: elkartearen erraldoiak Bilboko 1895eko erraldoiak izatea edo bi erraldoi sorten autorea bera izatea. Hala ere, elkarteak kontsultaturiko adituen arabera, egungo erraldoiek Bilbokoak izatearen aukerak handiak dira, eskuen antzekotasunengatik batez ere.
Jatorria zehaztasunez ez jakina izan arren, hauen antzinatasuna bermatua dago. Horrenbestez, ikertu, mantendu eta balioan jarri beharreko ondarea dira Irungo Atsegiñako zortzi erraldoiak.
Erraldoiak
Historian zehar erraldoi eta kilikiek eraldaketa nabaria bizi izan dute. Barroko garaian, kristaututako arrazen irudikapena ziren erraldoiak. Hauek, “ongizatea” irudikatzen zuten eta kilikiek aldiz, “gaizkizatea”. Eliz segizioaren zati ziren erraldoiak eta XVI. eta XVII. mendeetan iberiar penintsulako zenbait herrietan, Corpus Christi egunean irteten ziren.