miércoles, 30 de mayo de 2018

Sektore nautikoa ezagutzera emateko ate irekiak

Noticia publicada en Angula Berria.info,el viernes día 25 de Mayo de 2018.

Sektore nautikoa ezagutzera emateko ate irekiak

Ekainaren 5etik 9ra Hondarribia eta Irungo sektore nautikoko enpresek, Bidasoa bizirik elkartearekin elkarlanean, ate ireki jardunaldi bat antolatu dute. Ate irekiak sektore turistikoko profesionalei eta publiko orokorrari zuzendurik daude.

Jardunaldi hauen helburua hiritarren artean eskaintza nautikoaren inguruko informazioa zabaltzea da. Miguel Angel Paezek, Bidasoa Bizirik elkarteko Presidenteak, azaldu du, “oso garrantzitsua da hiritarrek eskualdean dagoen eskaintza nautikoaren berri izatea. Turistez gain, bestelako publiko batera zuzendurik dauden kalitate handiko zerbitzuak dira eta interes handia sor dezakete”.

Hau horrela izanik, ate irekien jardunaldia turismoaren sektoreko profesionalei zuzendurik dago, hala nola, Tour-operatzaileak, bidaia-agentziak, hotelak eta turismoarekin loturiko bestelako enpresei. “Enpresa turistikoek Irun eta Hondarribiko zerbitzu nautikoak eskaini aurretik, ezinbestekoa da zerbitzu hauek ezagutzea eta kalitate handikoak direla konprobatzea”, azaldu du Juan Mari Altunak, Bidasoa bizirik elkarteko lehendakariordeak.  

Ekainaren 5ean Irun eta Hondarribiko ekintza akuatiko eta nautikoetako profesionalentzako lehen aurkezpen bat egingo da. Aurkezpena katamaranean paseo bat ematen den bitartean egingo da.  

Hurrengo egunetan, ekainaren 9ra arte, turismoaren sektoreko profesionalek eta publiko zabalak eskainiko diren hainbat ekintza ezberdinetan izena emateko aukera edukiko dute, beti ere eguraldia egokia bada. 

Publiko zabalak ekainaren 5ean, asteartean,  katamaranean paseo bat eman edo surfa zein snorkela praktikatu ahalko du. Ekainaren 5ean eta 6ean, astearte eta asteazkenean, bela-bataioa egiteko aukera egongo da. Ekainaren 9an, berriz, bela arina probatzeko aukera egongo da. Azkenik, ekainaren 5, 6 eta 9an, Kayak-a probatzeko aukera eskainiko da. 

Ekintzetan parte hartu ahal izateko izen-ematea ekainaren 3a baino lehen egin beharko da turismo@bidasoa-activa.com posta elektronikoaren bitartez, 943 64 54 58 telefonora deituz edo Kirol Kaiaren turismo informazio bulegoan.

Hauek dira jardunaldi hauetan parte hartuko duten enpresak: Estatxa, Jolaski, Navegavela, Aquaman apnea, Buceo Hondarribia, Hondarribiko Klub Nautikoa, Central Surf eta Santiagotarrak.

Hondarribia eta Irungo sektore nautikoa
Pixkanaka sektore nautikoa hazten ari da eta bere zerbitzuak hobetzen ari ditu. Urte batetik bestera, geroz eta gehiago dira era honetako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa berriak eta aurretik zeuden enpresek haien negozioa finkatzea lortu dute. Laugarren urtez antolatu dira sektore honen inguruko ate irekiak.

No hay comentarios: