Udal Euskaltegiak 2018-2019 ikasturteko matrikulazioa jarriko du abian irailaren 3tik 17ra. / Irungo Udala
Udal Euskaltegiak 2018-2019 ikasturteko matrikulazioa jarriko du abian irailaren 3tik 17ra. Ordu kopuru desberdineko ikastaroak eskainiko dira irailetik ekainera eta langabezia egoeran daudenentzat Lannahi ikastaro trinkoak.
“Euskalduntze maila guztiak eskaintzeaz gain HABEren maila azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak eskaintzen ditu Udal euskaltegiak”, azaldu du Monica Martinez ordezkariak. Irailetik ekainerako ikastaroak irailaren 26an hasi eta ekainaren 21ean bukatuko dira. Modulazio desberdineko ikastaroak eskainiko dira (egunero 1,5, 2, 3 edo 4 orduko ikastaroak; astean 2, 3 edo 4 eguneko ikastaroak ordutegi desberdinean, larunbat goizetan C1 prestatzeko ikastaroa…). Ordutegi eskaintza zabala dago. Ikastaroen prezioa moduluaren araberakoa da baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek euskara ikasteko udalak ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.
LANNAHI
Udalak, gainera, irailaren 26tik abenduaren 21era ikastaro trinkoak debalde eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei edo gehienez ere %50eko lanaldia duten ikasleei LANNAHI programaren bitartez. Programa hau Euskara Arloak martxan jarri zuen euskara ikasteko ahaleginean ari diren edo aritu daitezkeen irundarrentzako. Ikastaro hauek goizez egunero 4 ordukoak edo arratsaldez egunero 3 ordukoak izaten dira.
Udal euskaltegiko ikastaroetan interesa duten pertsonek, hala nola LANNAHI programan interesa dutenek, irailaren 3tik 17ra eman dezakete izena. Dena den, azken hauek izenematea internetez egin beharko dute SAC24h zerbitzuaren bitartez (www.irun.org/sac) Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabiliz (NAN elektronikoa, Izenpe txartela..). Hala nahi badute, HAZ-SACeko autozerbitzu terminalak erabili ahal izango dituzte honetarako (San Martzial kalea, 2).
Gainerako ikastaroetan interesa duten pertsonak aipatutako egunetan (irailaren 3tik 17ra) Udal euskaltegira (Urdanibia plaza, 5) hurbildu behar dira bulego ordutegian 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez. Batzuk zein besteek mailaketa proba egin behar dute udal euskaltegian irailaren 3tik 17ra, 10:30-13:30 goizez eta 16:30-19:00 arratsaldez.