Zabalik dago Trebaketa koralerako tailerrean izena emateko epea. / Ametsa Abesbatza Kultur Elkartea
Irungo Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteak zabalik dauka bere webgunearen bitartez (www.coroametsa.org), eskaintza berri eta indartuarekin datorren 2018-2019rako bere Trebaketa koralerako tailerrean izena emateko epea. Honetan, alde batetik, ume eta helduak koru musikara gerturatu eta erakartzen saiatuko dira, eta bestetik, Ametsa osatzen duten abesbatza guztietako kantarien trebakuntza eta gaitasun teknikoak hobetzen (Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsa eta Betiko Ametsako kideenak).
Aurten, tailerraren buruan estreinua egingo du Ruben Mejuto irundarrak. Pianoan gradua du Irungo Kontserbatorioan eta Musika Pedagogian gradua Musikenen. Berak zuzenduko du haur, gazte zein helduentzako eskeintza, hurrenez hurren, Ametsa eta Betiko Ametsa, Ametsa Gazte eta Ametsa Txiki abesbatzetako zuzendari diren Fernando Etxepare, Eneko Amundarain eta Leticia Vergararen laguntzarekin batera. Ikaslearen hasierako maila dena delakoa izanda ere, musika ikasketa erreztuko duten metodologiak aplikatuko ditu Mejutok.
Guztiontzako ekintza eta ordutegiak
Txikienentzako, Ruben Mejutoren eskutik, Ametsa Musika Tailerrak, Musika eta Mugimendua eskainiko du, adinetan banatua (4 eta 5 urteko eta 6 eta 7 urteko umeentzat), astelehen eta asteazkenetan, 17.30etik 18.30era eta 18.30etik 19.30erako ordutegiekin. Musika eta Mugimendua 1 eta Musika eta Mugimendua 2 tailer hauen prezioa hilean 28 eurokoa izango da.
Gainera, Ametsa Musika Tailerrak abesten hasi nahi dutenei zein elkarteko kantariei zuzendutako Koru trebakuntza tailerra indartuko du, bere eskeintza zabalduz. Tailerrean, 8 eta 10 urte eta 11 eta 13 urte arteko gaztetxoei zuzendutako taldeak izango dira (astearte eta ostegunetan, 17:30etik 18:30era eta 18:30etik 19:30erako ordutegietan, hurrenez hurren).
Hauez gain, 14 eta 26 urte arteko gazteei zuzendutako Koru Trebakuntza Tailerra ere eskainiko da (19:30etik 20:30era astelehen, astearte eta ostegunetan, eta 19:00etatik 20:00etara asteazkenetan) eta helduek, goizez adostutako ordutegietan astelehenetik ostiralera, zein arratsaldez, astelehenetan 18:30etik 19:30era eta astelehenetik ostegunera, 20:30etik 21:30era, aukera zabala izango dute.
Koru trebakuntza, hilean 35 euroko kostua duena, Ametsa tailerreko zuzendari eta koordinatzaile den Ruben Mejutoren esku egongo da, Ametsa eta Betiko Ametsa eta Ametsa Gazte abesbatzen zuzendari diren Fernando Etxepare eta Eneko Amundarainekin batera.
Azkenik, eta taldekako trebakuntzaz gain, Ametsa musika tailerrak ahots-teknikako eta pianoko bakarkako klaseak ere eskainiko ditu.
Gogo eta ilusioz beterik
Bere ibilbide musikala 12 urterekin Ametsa Txiki abesbatzan hasi zuen Ruben Mejuto “gogotsu eta oso ilusionatuta” ageri da erronka profesional berri honen aurrean. Bere iritziz, “musika irakaskuntza eta kantua elementu banaezinak dira: abestea, musikari ona izateko bidean, musika barneratzeko modu onena da, ezinbestekoa”. Mejutok “neska-mutikoak, gazteak zein helduak kantuan eta Ametsaren tailerretan hastera animatzen” ditu, “musika eta abestea edonork ikasi ahal bait ditu”.
Bere aldetik, Ametsa Abesbatzeko presidente den Jokin Babazek, “Koru trebakuntza tailerra elkartearen oinarrietako bat” dela azpimarratu du, “gure gaitasunak hobetzea eta gure etxera jende gehiago erakartzea” errazten dituelako. Horregatik, aurten, “helduen prestakuntza musikala indartu” dute, horrela “guk hobeto abestu ahal izango dugu eta abestu nahi, baina orain arte musika edo abestea ez jakiteagatik ausartu ez direnek, oso erraz ikasi ahalko dute”.
Ametsa Abesbatzaren musika tailerraren eskaintzari buruzko argibide gehiago nahi duenak, www.coroametsa.org webgunea kontsultatu, secretaria@coroametsa.org helbidera idatzi, Istillaga plazako 5.ean dagoen egoitzara jo edo 943 62 69 71 telefonora deitu ahal du, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 11:30tara.