jueves, 24 de octubre de 2019

Euskararen erabilera normalizatzeko udal ordenantza eguneratu nahi du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el miércoles día 23 de Octubre de 2019.

Euskararen erabilera normalizatzeko udal ordenantza eguneratu nahi du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak

2002an onartutako udal ordenantza "garai eta premia berrietara" egokitu behar dela nabarmendu dute.
David Nuño eta Miren Echeveste, gaurko agerraldian.



Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak euskaren erabilera normalizatzeko udal ordenantza eguneratzeko mozioa aurkeztuko duela iragarri berri du. Gaur eskainitako agerraldian, 2002an onartutako udal ordenantza “garai eta premia berrietara” egokitu behar dela nabarmendu dute.
Era berean, azken hamazazpi urteetan ordenantza behar bezala bete ez dela salatu dute, eta bertan ezarritako helburuen betetze maila soilik Euskara zerbitzuari dagokiola. Gainera, Irungo biztanleriaren erdia baino gehiagok euskara ulertzen duela nabarmendu dute. Orain, ordea, erabilera sustatzeko politika zehatzak prestatu behar direla adierazi dute. Hala, ondorengo proposamenak aurkeztuko dituzte Irungo Osoko Bilkuran, mozio bidez:
  • Irungo Osoko Bilkurak Irungo Udalean eta udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko arauak ematen dituen Udal Ordenantza eguneratzeko prozesu parte hartzaile bat abian jarriko du udalerriko euskalgintzako eragile guztiekin, Irungo Euskara Zerbitzuarekin eta alderdi bakoitzak izendatutako ordezkari banarekin.
  • Irungo Osoko Bilkurak dagoeneko indarrean dagoen Ordenantzan betetzen ez diren arauak bete daitezen ziurtatzeko neurriak hartuko ditu.
  • Irungo Osoko Bilkurak udaleko Itzulpen Zerbitzura bideratzen diren interes publikoko testuak zehazteko irizpide batzuk ezarriko ditu, euskalgintzako eragileekin eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien parte-hartzearekin.
  • Irungo Osoko Bilkurak udaleko langileen artean euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Irungo Osoko Bilkura osatzen duten ordezkari euskaldunek eredugarri izateko eta euskara lehenesteko konpromisoa hartzen dute, ordenantzak berak ezartzen duena betez.

No hay comentarios: