domingo, 16 de febrero de 2020

Iridoy: "Irunen aparkatzeak arazo izateari utzi behar dio"

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el domingo día 16 de Febrero de 2020.

Iridoy: "Irunen aparkatzeak arazo izateari utzi behar dio"

EAJKO UDAL TALDEAK HIRIKO APARKALEKU ETA MUGIKORTASUN POLITIKAK ALDATZEKO PROPOSAMENAK AURKEZTU DITU

16.02.2020 | 06:22

Belartzaren azpian aparkaleku bat zegoen aurreikusita. 

IRUN - Irungo EAJ-PNVren iritziz, hiri-garapena iraunkortasunean oinarritu beharko litzateke, "hiriaren eta bertako pertsonen oinarrizko beharrei behar bezala erantzuteko gai izango den iraunkortasuna". Hala adierazi du aste honetan udal talde jeltzalearen bozeramaileak, Xabier Iridoyk.
"Irun etorkizuneko hiri jasangarria, atsegina, eta irisgarria izan dadin, Udalak pertsonei, alderdi sozialei, energia eta garraio-azpiegiturei eta komunikazio-teknologiei zuzendutako inbertsioen alde egin beharko luke", jarraitzen zuen jeltzaleak. Etorkizuneko hiri hori lortzeko, Irunek oraindik hainbat egoera erantzun behar dituela azaldu zuen Iridoyk, "hala nola, hiriko aparkalekuen kudeaketa eta eskaintza".
"Gaur egun, auzo askok lur gaineko aparkalekuen falta pairatzen dute, eta ibilgailu partikularra aparkatzeko leku bat aurkitzea odisea bat izan ohi da askoren-tzat", zioen jeltzaleak. Ildo horretan, EAJrentzat gobernu sozialistak eta Santano alkateak garatu dituzten politikek, arazoa lagundu eta arindu beharrean, areagotu egiten dute.
Oraingoz hiritar askorentzat auto pribatuen erabilera "beharrezkoa" dela uste dute Irungo jeltzaleek. Horregatik, taldeko kide den Lourdes Larraza zinegotziaren hitzetan, "inolako neurririk ezarri aurretik, nahiz eta hau oso baikorra izan, lehenik pertsonak kontzientziatu egin behar dira eta, ondoren, alternatiba bideragarriak eskaini".
Argudiaketarekin jarraituz, EAJtik aparkalekuen arazoa konpontzeko epe labur eta luzerako zenbait irtenbide landu eta aurketu dituzte. Epe laburrean, udal zabalguneetan aparkalekuen "poltsak" egokitzea proposatzen dute jeltzaleek, "nahiz eta hauek behin-behinekoak izan": esaterako, Iparralde Hiribidean, Villa Madariagaren lursailean, Miguel de Ambulodi kalean (Txenperenean) eta Plaiaundi Institutuaren aurrean".
"Epe ertainera, aparkalekuaren gaineko txoke plan bat egitea proposatzen dugu, baita TAOren lehen orduetarako tarifa murriztuak sustatzea, aparkaleku express guneak egokitzea eta egoiliarrentzako plazak handitzea ere", zioen Larrazak. Bukatzeko, epe luzera aparkaleku berrien eraikuntzak aztertzea (Belaskoenean, Dunboan, eta Artian, Belartza magalaren azpian) eta Arbesko Egoitza berriaren ondoan dauden lursailak lagatzeko, Aldundiarekin negoziatzea proposatzen dute.
"Hiria etorkizunari begira diseinatzeko garaia da, eta ez gara neurri labur eta inprobisatuekin konformatzen, horrek Irun grisa bihurtzen baitu", amaitu zuen bozeramaile jeltzaleak. - J.G.

No hay comentarios: