sábado, 2 de noviembre de 2019

Benito Lertxundi: «Beti zerbait ikasteko daukadala sentitzen dut eta horrek ematen dit jarraitzeko indarra»

Noticia publicada en Diario Vasco,el sábado día 2 de Noviembre de 2019.

Benito Lertxundi: «Beti zerbait ikasteko daukadala sentitzen dut eta horrek ematen dit jarraitzeko indarra»

Benito Lertxundik kontzertua emango du gaur Irunen./FRAILE
Benito Lertxundik kontzertua emango du gaur Irunen. / FRAILE

Beste bederatzi musikarirekin taularatuko da gaur 20.00etan oriotarra goitik behera beteta egongo den Amaiako auditorioan

IÑIGO MORONDOIRUN.
Benito Lertxundi musikari eta abeslaria bisitan dator Irun aldera. Bere azken kontzertutik ia sei urte joan dira eta tokiko bere jarraitzaileek bazuten oriotarra berriz ikusteko gogoa. Atzo gauean, lau sarrera baino ez zeuden libre.
-Ez da erraza auditorio hori betetzea, baina zu zatozen bakoitzean lortzen duzu...
-Aspaldikoa izatearen hobaria... Suerte izan dut. Jendearen zaletasuna belaunaldietan errepikatu da nonbait. Arrastaka daramagun historia guztiak ere eragiten du sarrerak saltze hortan, jendeak kontzertuan egoteko duen irriki horretan.
-Egia da 50 urte baino gehiago daramazula honetan. 17 disko, batek daki zenbat kontzertu. Nondik ateratzen duzu indarra?
-54 urte, zehazki. Egia esan, kantagintza oso modu naturalean eman dut eta nahiko asegaitza izan naiz. Beti izan nahi dut zerbait gehiago ikastea. Ez dut oraindik kantatzen ikasi, ez erabat. Beti badaukat zerbait zintzilik eta horrek badu energía berezi bat. Gauzak zintzilik edukitzeak salbatzen nau. Ikusiko banu topea eman dudala, beharbada ez nintzen egongo urte guzti hauek. Baina ez zait gertatzen. Lehengo asteburuan bi kontzertu izan nituen, ostiralean eta larunbatean. Ostiralean triste xamar etorri nintzen etxera. Jendeak esaten zuen «oso ongi», baina nik badakit nire berri eta triste nengoen. Larunbatean berriz, oso gustora etorri nintzen eta pentsatzen, «hau da bidea». Beti azterketa bat zeure buruarekin. Horrek duen berezko indarrak eraman nau ia oharkabean. Ez dut zama sentitzen, ez dut arrastaka daramadan pisu bat sentitzen. Horrek eman nau egan egitea.
-Azken diskoak, 'Ospakizunaren gaua', barruan daraman kanta baten izena hartzen du.
-Kantu horren nondik norakoa azaltzen saiatuko naiz. Kantagintzan hasi nintzenean gauza bat nintzen eta handik hona beste bat naiz. Asko aldatu naiz izaeraz, sentipenez, gauzak ikusteko moduan, mundua begiratzeko moduan. Nire balore zerrendak erraustu nituen. Konturatu nintzen berezko balorerik ez dagoela; balore kulturalak tokian sortzen dira tradizioak direla, tokiko etika eta morala direla. Balorepean zaudenean baloreek ematen dizute gauza bat edo bestea izatea. Konturatu nintzen nere adimenak eraman behar nindula eraman behar ninduen tokira. Baloreen ritual hori ez zaidala balio konturatzen joan nintzen, ez nindula laguntzen bizi-tzan airosoago joaten, astundu egiten zidala. Momentu bat dago, gau bat, klabe izan zena eta gau horrek asko markatu ninduen. Hori nahi nuen sartu: ospakizun gau hori metafora gisa eta aipatu nahi dut kantu bukaeran esaten dudana: aski da desikastea. Askatasunari modu askotan egiten zaio kantu eta nere askatasun kantuetako bat izan liteke hau.
-Egia al da irakurri dudana, grabaketa-gela ez duzula batere gustoko?
-Beti pentsatu dut kantariok kantak jendeartean kantatzeko egiten ditugula. Sistema komertzialak gauzak aldatu zituen eta kantak ez ziren jada plazan bakarrik ematen, latan sar-tzen ziren. Horretarako estudiora jo behar duzu. Estudioaren egitura ez zait erakargarria izan inoiz. Kabina batean, aurikularrekin, lau pareta eta argi triste bat. Rekurso moduan ofizioa erabiltzen dut, baina ez arima, eta nik bigarren hau behar dut.
-Baina entzuleek ez dugu inondik inora arima falta sumatzen.
-Ulertzen dut zer diozun. Nire diska bat ez dut momentuan entzuten, akaso 4-5 urteren buruan. Eta orduan ez zait iruditzen horren gaizki dagoenik. Entzuten hasi... eta unkitu! Baina ordun arrotza naiz, kanpoan nago, entzule bat baino ez naiz. Begira zer gertatu zitzaidan behin. Alde zaharretik nihoan enkargu bat nuela eta. Taberna baten aurretik pasa eta barruan zegoen musikan zerbaitek deitu ninduen. Atzera pausu bat eman nuen zer zen jakiteko eta ordun konturatu nintzen neroni nintzela. Baina erabat arrotz. Instante horretan, ateondotik pasatzean, beste baten musika izango balitz bezala sentitu nuen. Eginberrian ez nuen guzti hori sentituko inolaz ere.
-Zure azken disko hau disketxe propioarekin argitaratu duzue.
-Aspalditik nenbilen kezkatuta disketxeekin gertatzen denarekin. Pentsatu genuen guk egingo genuela eta kitto eta pena lehenago ez egin izana. Azpiegitura bat behar da eta gurea ez da haundia baina emazteak eta alabak daukaten gaitasuna eta energiarekin hiru diska atera ditugu: nirea, emaztearen zuzeneko bat eta hirugarran bat. Azken hau duela 23-24 urte Madrilgo produktora batekin grabatu baina gero linboan gelditu zen lana da, 'Zuhaitzak landatzen zituen gizona', Jean Giono idazlearen klasikoa. Garaian, mundu guztian Paul Winterren musikekin hizkuntza askotan bersioak grabatu ziren. Berargitaratzeko behar ziren gestioak egin eta gauzatu dugu, atera dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario