jueves, 10 de junio de 2021

Aitzinako euskarari buruzko hitzaldia eskaini zen Oiasson

Noticia publicada en Diario Vasco, el jueves día 10 de Junio de 2021.

Aitzinako euskarari buruzko hitzaldia eskaini zen Oiasson

Jokin Lanz historian doktoreak erromatarrek deskribatu zuten baskoien lurraldean identifikatu diren hiru errealitate linguistikoei buruz hitz egin zuen

Jokin Lanzen hitzaldia atzo Oiasso Museoan. / F. DE LA HERA
Jokin Lanzen hitzaldia atzo Oiasso Museoan. / F. DE LA HERA

JOANA OCHOTECO Irun.

Euskararen hastapenen inguruko informazioak jakingura sortu ohi du. Aitzinako euskarari buruzko proposamena izan zen Oiasso Museoaren sare sozialen jarraitzaleek hautatu zuten gaia 'Oiasso nahieran' programaren atzoko zitarako. Jokin Lanz historian doktoreak 'Aitzinako euskara eta bere bizilagunak' hitzaldia eskaini zuen modu dibulgatzaile batean eta gaian adituak diren ikerlarien lanak jarraituz.

«Iniziatiba honetan Antzinaroarekin lotuta dauden lau gai aurkezten dira eta gure sareetako jarraitzaileek gogokoena aukeratzen dute», azaldu zuen Jokin Lanzek. Modu honetan, atzo eskaini zen hitzaldian erromatarrek deskribaturiko baskoien lurraldean identifikatu diren hiru errealitate linguistikoak ezagutzeko aukera eman zen.

Hizlariak azaltzen duenez, «garai historiko honekin, Antzinaroarekin, beti gauza bera gertatzen zaigu: iturri gutxi ditugu», eta haietatik lortu behar da «informazioa. Iturri idatzi gehienak, noski, latinez daude». Izan ere, garai hauetan idazten zekitenek, «jende ikasiek, latina erabiltzen zuten». Baina, hitzaldira hurbildu ziren entzuleek jakin ahal izan zutenez, «errealitate linguistiko ezberdinak bazeudela erakusten duten zenbait pintzeladak» badaude ere.

Aitzinako euskararekin bizi izan ziren bi bizilagun horiek indoeuropearra eta iberiarra izan ziren, «seguruenik erromatarrak etorri baino lehen erabiltzen zirenak eta erromatarrak egonda ere baliteke egunerokotasunean erabiliko zirenak. Erromatarrek ez zituzten behartzen bertakoak latinez hitz egitera», beraz, «bertako hizkuntzak nolabait mantendu ziren zenbait mendez».

Baina hiru horietatik batek bakarrik iraun du gaur egun arte: erromatar inperioa erori ostean, «euskarak biziraun zuen», baina ez dago argi «zergatik». Atzoko hitzaldia «aitzinako euskara eta bere bizilagunetan» zentratu zen. Hizkera horren «hitz solteak» gaur egunera iritsi dira: adibidez, azaltzen du Jokin Lanzek, «latinez idatzitako inskripzio bat dugu eta bapatean, 'nescato' hitza aurkitzen dugu», edo euskararekin antza haundia duen onomastika, pertsona edo jainkoen izenak. Hitzaldiko entzuleek ezagutu zuten ere Andelos aitzinako erromatar hiriko mosaiko batean, gaur egungo Nafarroan, agertu den esaldi bat, «iberiarraz idatzia» eta horren inguruan dauden hipotesiak.

Aitzinako euskararen aztarnak garai haietako txanponetan ere aurkitu dira: «badira batzuk iberiar alfabetoz idatziak baina aitzinako baskoi herrien izenak dituztenak», azaldu zuen Jokin Lanzek.

Hizlariak aipatu zuenez, «iturri idatzien arabera, akitaniarrek antza gehiago zuten bere hegoaldeko bizilagunekin, hau da, iberiar eta baskoiekin, galiarrekin baino. Galiarrekiko hizkuntza ohitura eta lege ezberdinak zituzten akitaniarrek». Gainera, «aitzinako euskarazko elementu gehienak Akitanian topatu dira, Pirineo iparraldean. Pirineo hegoaldean topatu diren gehienak gaur egungo Nafarroa erdialdean daude». Beste «adibide solteak» agertu dira, «esate baterako Oiartzunen», baina gehienak «Iruñearen hegoaldean, egungo Nafarroa erdialdean» agertu dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario