Jabier Muguruzaren lehen eleberriari kafe usaina dario. Behin ahoan, aldi berean gozoa eta mingotsa dela ohartuko da irakurle/dastatzailea. Irundarrak Donostiako Botanika kafetegian aurkeztu du gaur, asteartearekin, bere estreinazko eleberria, Café Mokka. Lekuarekin keinu bat egin nahi izan dio liburuaren izenburuari. Alberdaniako arduradun Oier Etxebestek, nobelaren editore Miren Mujikak eta Lorena Martínez Oronot ilustratzaileak lagun izan ditu Muguruzak aurkezpenean.

Alberto da istorioaren protagonista. 90. hamarkadan pop-rock taldeko teklista izan zen arren, Irunen fikziozko Café Mokka deituriko tabernan zerbitzari eta kudeatzaile lanetan bukatu du. Bertan gertatuko da ia narrazio guztia. Handik pasatzen dira eguneroko parrokianoak zerbait hartzera. Eta horiekin dituen interakzioak baliatzen ditu Muguruzak gaur egunean “pil-pilean” dauden gaiei buruzko eztabaidak eta hausnarketak plazaratzeko. Alberto ez da narratzaile soila, elkarrizketetan parte hartuko du eta posizionatu ere, posizionatuko da, noski. “Hitzaren erreibindikazioa antzematen da liburu osoan zehar, hausnarketarena eta baita hitz eta pitz ibiltzearena”, azaldu du Muguruzak. Bere ideia, hasieratik, liburu “dialektiko bat” sortzea izan omen zen.

Planteamendu zuri-beltzetatik ihes egin nahian, eta grisak besarkatuz, azaleratzen dituen gai batzuk arinagoak dira besteak baino. Hori bai, guztiak dira “interesgarriak”: “Bakardadea, komunikazioa, sexu-askatasuna, musika alderdi teorikotik eta praktikotik, hizkuntza, familia motak”. Azken aldian “bolo-bolo” dabiltzanak ere entzungo dira Café Mokka tabernan, “bi sexuen arteko gerra”, “heziketaren bilakaera”, “maitasun ereduak” edo “trans auzia haurtzaroan”, esaterako. Putzuren batean edo bestean sartzeko beldurrik ere ez du izan idazleak eta, esate baterako, Alex Sarduik egindako hainbat adierazpenen inguruan sortutako polemika edo Pellicot auzia ere aztergai dira eleberrian.

Hori bai, inork galdetu baino lehen, Alberto pertsonaia idazle eta musikari beraren irudia ote den ala ez argitu nahi izan du irundarrak: antzekotasunak badira, noski, baina ez, ez dira bata bestearen ispilu.

Eta, nola ez ba, musikak ere berebiziko garrantzia du Café Mokkan. Beraz, usaindu eta dastatu daitekeen nobela izateaz gain, entzungarria ere bada. Horixe uste du behinik behin, aitzin solasaz arduratu den Ramon Saizarbitoriak. Muguruzak prestatu duen kafea hartu ostean irakurlea egarri geratuko balitz, Chet Baker edo Carol Baker, Leonard Coen, Rufus Wainwright, Miles Davis, Miren Iza edo Maite Larbururen elixirrak ere topatu ahal izango ditu.