viernes, 14 de febrero de 2020

Irungo aparkalekuen arazoa konpontzeko proposamenak egin ditu EAJk

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 14 de Febrero de 2020.

Irungo aparkalekuen arazoa konpontzeko proposamenak egin ditu EAJk

Xabier Iridoy bozeramaileak eta Lourdes Larraza zinegotziak Irungo aparkalekuaren arazoaz aritu dira, eta «irisgarria, lagunkoia eta ingurumena kontuan izango duen» Irun eraikitzeko zenbait proposamen egin dituzte.
Iridoy eta Larraza, gaurko agerraldian.
Irungo EAJ taldeak agerraldia egin du gaur Batzokian. Taldeko bozeramaile Xabier Iridoy bozeramaileak eta Lourdes Larraza zinegotziak Irungo aparkalekuaren arazoaz aritu dira, eta «irisgarria, lagunkoia eta ingurumena» kontuan izango duen Irun eraikitzeko zenbait proposamen egin dituzte.
Etorkizuneko Irun eraginkorra, atsegina eta irisgarria izan nahi badu, udalak pertsonei, alderdi sozialei, energia, garaio azpiegiturei eta komunikazio teknologiei zuzendutako inbertsioen aldeko apustua egin behar duela nabarmendu dute. Hiri hori lortzeko, hainbat egoerari bira eman behar zaiela diote jeltzaleek, bereziki hiriko aparkalekuaren kudeaketa eta eskaintzari. «Gaur egun auzo askok lur gaineko aparkalekuen falta pairatzen dute, eta ibilgailu partikularra aparkatzeko leku bat aurkitzea odisea bat izan ohi da askorentzat», esan du Iridoyk. Azken urteotan udal gobernuak garatutako politikek arazoa arindu beharrean, areagotu egin dutela salatu dute.
Egoera hobetzeko bidean, neurri zehatzak aurkeztu ditu EAJ taldeak, udal gobernuak aurrera eraman beharko lituzkeenak jeltzaleen arabera. Lehenik, epe laburrean udal zabalguneetan aparkalekuen “poltsak” egokitzea proposatu dute, adibidez, Iparralde Hiribidean, Villa Madariagaren lursailean, Miguel de Ambulodi kalean eta Plaiaundi Institutuaren aurrean. 2020ko udal aurrekontuetan proposatutakoak direla gogoratu dute, eta tamalez, talde guztiek aurka bozkatu zutela. Bestalde, aparkalekuaren gaineko txoke plan bat egitea proposatu dute, baita TAOren lehen orduetarako tarifa murriztuak sustatzea, aparkaleku expres guneak egokitzea eta egoiliarrentzako plazak handitzea. Azkenik, epe luzera begira, hirian zehar aparkaleku berrien eraikuntza aztertzea eta Arbesko Egoitza berriaren ondoan dauden lursailak erabiltzeko aldundiarekin negoziatzea proposatu dute jeltzaleek.
«Irundarrek zer nolako hiria nahi duten erabakitzeko ahalmena izan behar dute. Urteak daramatzagu erabaki okerren menpe, etengabeko inprobisazioen menpe. Horregatik da guretzat hain garrantzitsua Irun partaidetzatik eraikitzea, denek beraien iritzia emateko aukera izateko. Erabaki indibidualetatik eta interes alderdikoietatik urrun», gehitu dute gaurko agerraldian.

No hay comentarios: