jueves, 19 de abril de 2018

EH Bildu; "Irunek desgobernuaren Gobernua du"

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el miércoles día 18 de Abril de 2018.

EH BILDU: “IRUNEK DESGOBERNUAREN GOBERNUA DU”


Jokin Melida, gaurko agerraldian.
Irungo EH Bilduk agerraldia egin du gaur, azken asteotako gertakarien aurrean koalizioak duen iritzia plazaratzeko. Jokin Melidak hartu du hitza, eta adierazi duenez, une egokia da euren iritzia herritarrekin partekatzeko, bihar hasten baita eurentzat “kalapitaren lehenengo fasea”.
Joan den otsailean, EH Bildu eta Si Se Puede Irunek Irungo Udalean ikerketa batzorde bat abiatzeko mozioa erregistratu zuten, eta gaurkoan Melidak adierazi duenez, bihar ikerketa batzordearen diktamena ogasun batzordetik pasatuko da, eta datorren asteko udalbatzan (asteazkenean) eztabaidatuko dute. Korrokoitz auziakeragindako udal krisiaren ondorioz erregistratu zuten mozioa, eta Jose Antonio Santanok Hirigintza ordezkari ohi Xabier Iridoyren kontra esandakoak frogatzeko, eta jeltzalearen jarduera ikertzeko baliatu nahi dute.
Melidak adierazi duenez, “ukaezina da gai honek egonezina eta harridura sortu dituela herritarrengan”. Egonezina, PSE-EEk “liskar eta eztabaidetan murgilduta egonda ahaztu egiten duelako zertarako dagoen udaletxean”, eta harridura, “ikusten dugulako duela gutxi arte komenentziazko sozioak ziren alderdiak zurrunbilo desatsegin batean sartu direla”. Egoera “zinez” argitzea espero dute abertzaleek.
Irungo sozialistak indar asko galtzen ari direla nabarmendu dute, eta bitartean, “benetako garrantzizko gaiak ” ez dituztela jorratzen. Era berean, alkateak “irundarron interesen defendatzaile bakarra” balitz bezala atera nahi duela salatu dute, baina mezu hori “geroz eta irundar gutxiagok sinesten” dutela.
Desgobernuaren gobernua
Irunek “desgobernuaren gobernua” duela gogor salatu du Melidak, proiektu ezberdinak konpontzeko gai ez dela izan, Korrokoitz edota Plaiaundiko gaiekin pasatzen ari den bezala. Udal gobernuak hiriarentzat plan bat ez duela adierazi du, eta aurrera eraman duena, “grisa eta iluna” dela.
Irun egiteko egungo ereduak “neke sintomak” eman dituela salatu dute koaliziotik. Irunen alde lan egiteko metodo ugari existitzen direla adierazi du Melidak, baina horretarako aliantzak sortzea beharrezkoa dela. Are gehiago. Eskualde mailan lan egiteko gaitasun eza nabarmendu dute, eta hori “biktimismo makillaje kapa baten atzean” ezkutatzen dutela sozialistek. “Hori ez da gure eredua, bada garaia eskualdeko potentzialtasuna eta baliabideak aldarrikatzeko”, gehitu du Melidak.
Zaldunbordako outlet proiektu erraldoia ere gogor kritikatu dute EH Bildutik, Irungo merkataritza gehiago ahultzeko (“egun jada ahulduta dagoena”) baliagarria izango baita eurentzat.
Amaitzeko, herritarrak “kokoteraino” daudela adierazi du bozeramaileak. “Baten bati izorratzen badio ere, Irun aktibo dago, Irun martxan dago. Eta gure taldetik, norabide horretan lanean jarraituko dugu, herritarrekin batera, herritik instituzioetara”, gehitu du.

No hay comentarios: