jueves, 19 de abril de 2018

Urtebete Barru, Uranzu Berria egina

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 17 de Abril de 2018.

URTEBETE BARRU, URANZU BERRIA EGINA


uranzu.irun

Uranzuko lanen gaurko irudia.
Duela lau hilabete hasi ziren Uranzu pilotalekua eraberritzeko lanak. Horiek egiteko epea hamasei hilabetekoa denez orotara, urtebete barru egina izango da Irungo ikurra den frontoi berria. 4,5 milioi euroko aurrekontua dute lanek. Pilotalekua ez ezik, espazio balioanitza izango da kirolgune berritua, kantxa nagusian hainbat kirol praktikatzeko aukera emango duelarik, eta beste hainbat areto berritan hiriko kirol aberastasunak tokia izango du.
Egun, desmuntaketa lanetan ari dira beharginak, instalazio zaharrak kentzen, inguruko landaredia garbitzen eta aldi berean segurtasun neurriak —hesitura adibidez— ezartzen. Harmailak eraitsi dituzte, hau da, frontoiaren barrualdea osorik ikus daiteke egunotan. Aldi berean, harmaila berrietarako oinarrizko egitura (727 pertsonentzako gehienezko aforoa izango du, pilota partidetan izango da hori) jartzen hasi dira. Jasotzen diren harmailak izango ditu kirol azpiegiturak, behar denean horiek jasotzeko (eskubaloi partidetarako, adibidez).
Orain arteko bi eraikinak, frontoi handi zein txikiarenak, bakarrean bilduko ditu Uranzu berriak, 4.163 metro koadroko azalera eraikia izango duelarik hiru altueratan. Beste aldaketa nagusia: sarrera nagusia Sargia parketik izango du. Kanpotik, itxura integratua izango du, eta kanpoko argia sartzeko zenbait baliabide arkitektoniko baliatuko dituzte.
Gaur izan dira pilotalekuaren lanak bisitatzen udaleko ordezkariak. Esan dutenez, Urdanibia plazaren berritzearekin eta San Martzial kalearen berregituraketarekin, Alde Zaharreko ingurune horrek ezaugarri erakargarriagoak izango ditu. Gainera, genero ikuspegitik ere landu dute egitasmoa, puntu ilunak ezabatuz. “Txingudi Teniseko lanekin batera, hirian, kirol azpiegituretan dugun egitasmorik handiena da Uranzukoa”. 80 urteko historia du Uranzuk, eta hiriko kirolaren erreferente oso nabarmena da.

No hay comentarios: