viernes, 31 de enero de 2014

Lurra da etorkizuna

Noticia publicada en Diario Vasco sección Bidasoa, el viernes día 31 de Enero de 2014.


IRUN

Lurra da etorkizuna

31.01.14 - 00:31 -


BEATRIZ ARANA, LUCÍA CALVO, JONE FERNÁNDEZ ETA AMAIA OCA. «Pasaia-Irun artean eraiki nahi duten plataforma logistikoak hamabost hektarea lur okupatuko ditu eta hamasei trenbide izango du» irakurri genuen duela gutxi. Eusko Jaularitzak bultzatu nahi du eusko tren, tranbia eta abiadura handiko trena lotuko lituzkeen tren eremua. Trenbideak dagoeneko eginak dauden lekuetatik kendu nahi dituzte (Irun) eta eginak ez dauden lekuetan, egin (Gaintxurizketa). Nork ulertzen du hau?
Irun eta Pasaia artean Gaintxurizketa dago, Jaizkibel mendiaren hegoaldean. Eremu eder hau baserri lurrak osatzen du eta oasi irla bat da porlana nagusia den Gipuzkoan. Arnasgune da kutsadura maila altua duen eskualdean. Gaintxurizketakoa bezalako eremuek onurak besterik ez dakarzkigute, etengabe. Nekazal lur ezin hobeagoek kalitate handiko jakiak ekoizten dituzte. Mendeetan zehar baserritarrek maitasunez eta ahalegin handiz landutako larreek abereak elikatzen dituzte. Mota guztietako zuhaitz, sastraka eta landareek haize garbia bermatzen digute, hegaztien eta biodibertsitate zabalaren babesleku eta bizitoki diren bitartean. Errekek ur garbia oparitzen digute. Ez al dakite hau guztia Urkulluk eta Oregik? 'Oinarrizko Hezkuntza' ez al dute egin? Ondare hau datozen belaunaldiei ukatzeko eskubiderik ez duzu Eusko Jaularitza!
Lurra da etorkizun duina izateko berme bakarra. Baserri lurrak bertako eta urruneko pertsonak elikatu ditu belaunaldiz belaunaldi, eta emakume eta gizon baserritarrek lurra izerdiz landu dute mendeetan zehar, paisaian kultura, historia eta memoria gordeaz. Lurrari lotutako ekonomia, harremanak, gaitasunak, trebeziak, tresnak, jakinduria, ohiturak eta bizimoduak marraztuak eta idatziak daude muino, zelai eta basoetan. Beraz, paisaia gozamena eta lasaitasun iturri ezin ederragorik izateaz gain memoria ere bada. Aintzinatik gaur egun arte nola bizi izan direnaren memoria. Memoria historikoa. Hau guztia ezabatzea memoriaren aurkako erasoa litzateke. Eta memoria ezak noraezezko etorkizuna dakar.
Baina bizitzaren oinarriak etengabe desagerrarazten dituzte zementuzko basamortuari bidea egiteko. Beste edozein gudatan tankeak erabiltzen dituzte lurraldeak eta herriak garaitzeko. Porlanak lurra ordezka dezan tankeen ordez hondeamakinak erabiltzen dituzte, lurraren eta herrien aurkako guda mozorrotu honetan.
Zeren izenean planifikatu daiteke hainbeste kalte?«Garapena, aurrerabidearen eta hazkunde ekonomikoaren izenean», erantzungo dute bere bultzatzaileek. Betiko mantra. Ikusten ari gara ordea AHTrekin gertatzen ari dena: milaka milioi euroko zuloa herritarrontzako. Gauza bera egiten utziko al diegu Pasaia-Irun plataforma logistikoarekin?
AHTren egitasmoaren baitan kokatzen da plataforma, eta AHTa gelditzeko eskatzen dugun bezalaxe, plataforma hau ez eraikitzeko ere exijitzen dugu. Eusko Jauklaritzak gure dirua aurreratzeko asmoa erakutsi du oraingo honetan ere, «Espainako Sustapen ministerioaren pasibitatea ikusita». Herritarrok galarazten ez badugu agintariek natura suntsitzen eta dirua xahutzen jarraituko dute beraien eta enpresa eraikitzaileen onuratrako. Utziko al diegu berriro ere aurpegira barre eta kaka burutik behera egiten?


No hay comentarios: