Larunbatean ere sinatzeko aukera izango dute irundarrek. / Hartu Hitza Elkartea
Hartu Hitzak sinaduren bilketako azken txanpari aurre egin behar du. 2000 sinadurak gaindituta, hilabete bat baino gutxiagoko epean 1000 sinadura biltzea lortu behar dute.
Aste Santuan Hartu Hitzaren bulegoa irekita egon ondoren eta astelehenean Meakako auzoan mahaiak jarri eta gero, larunbat honetan goizez eta arratsaldez, bi gune desberdinetan sinatzeko aukera egongo da.
Zabaltza Plaza goizez eta Pio XII Plaza arratsaldez sinadura bilketaren topaguneak izango dira. Ohikoa duten moduan, 11:00etatik 13:00tara Hartu Hitzaren bolondresak musikarekin batera sinadurak biltzen eta elkarteari buruzko informazioa zabaltzen arituko dira. Lehen aipatu bezala, Irungo herri galdeketa bermatuko duen sinadura bilketa azken txanpan sartu da eta Irungo herritarren laguntza behar dute 3000 sinadurak gainditzeko.
Arratsaldez, 18:00tatik 21:00tara, Pio XII auzoan jarriko dituzte mahaiak. Amaia Kultur Zentroan egongo den Rulo y la Contrabanda rock taldearen kontzertua eta larunbat arratsaldetan bertan egoten den giroaz baliatuz, Irungo auzo berri bat bisitatuko dute sinadura asko eskuratzeko asmoz.
Hurrengo asteetan mahai gehiago Irungo kaleetan
Apirilaren 13an, ostiralean, Pio XII Plazan izango dira berriro ere eta apirilaren 14ean, larunbata, Zabaltza Plazan eta Urdanibia Plazan kokatuko dira. Hori gutxi izango balitz, apirilaren 21ean Irungo auzo gehienetan mahaiak jartzeko eta festa erraldoi bat egiteko asmoa dute, pasaden martxoaren 3an egin zuten modukoa.