viernes, 7 de febrero de 2020

EAJ-PNV udal taldeak euskararen aldeko apustu irmoa eskatu du

Noticia publicada en Diario Vasco,el viernes día 7 de Febrero de 2020.

EAJ-PNV udal taldeak euskararen aldeko apustu irmoa eskatu du

J. OCHOTECOIRUN.
EAJ-PNV Udal taldeak euskararen aldeko eta «Irunen jendartearen kohesioa sustatuko lukeen apustu irmoa» egin behar dela adierazi du. Xabier Iridoy bozeramaileak atzo azaldu zuenez, «azken hamarkadan aurrerakadak eman dira» euskararen egoeraren inguruan, «eta neurri haundi batean gizartearen atxikimenduari zor zaio». Hizkuntzaren «erabilera sustatzeko ekimenak garrantzitsuak dira, eta hor Udalak erronka haundia dauka».
Udal talde jeltzalearen ustetan, «Irunen asko dago egiteko arlo honetan». Josune Gomez zinegotziak adierazi zuenez, «irundarrei kultur jarduera desberdinak antolatzea, hizkuntza-paisaia sustatzea eta hizkuntza berdintasuna hiritarren artean zein Udaletxean ere lantzeko beharra ikusten dugu».
«Aurrera pausoak» emateko helburuarekin, orain dela gutxi onartu den aurrekontu proiektuari euskararekin lotuta «hainbat proposamen» aurkeztu zituen taldeak. Josune Gomezek 'Haurrak parkean' egitasmoa burutzeko partida aipatu zuen: zenbait ikerketak ondorioztatu dutenez, hezkuntz eremutik kanpo «haurren euskararen erabilpena jaitsi egiten da». 'Haurrak parkean' egoera hau arintzeko proposatu zen: begirale batzuek proposatutako dinamizazio eta jolas kooperatiboen bidez, euskararen erabilera sustatzeko programa da.

Euskaraldia

Beste aldetik, Euskaraldia egitasmoa antolatzeko udal diru-laguntza gehitzea proposatu zuen ere EAJ-PNVk aurrekontuen Osoko Bilkuran. «Eskaintzen zena Euskaraldia modu egokian burutzeko nahikoa ez zela iruditzen zitzaigun», esan zuen Josune Gomezek. Baina, udal taldeak adierazi zuenez, «jarduera hauen aurka bozkatu zuten PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP udal taldeek. Deigarria iruditu zitzaigun hauetako batzuen ezezkoa, ondoren egiten dutenaren kontrakoa defendatzen dutela esaten baitute».
Xabier Iridoyk esan zuenez, datozen egunetan «Udalak euskaran aurrera pausoak emateko borondate erreala duela erakusteko aukera izango du. Azaroan izan zen Euskararen Aholku Batzordean, Euskaraldiaren egitasmoan sakontzeko deialdi bat egingo zela esan ziguten. Oraindik esperoan gaude». Beste aldetik, «datorren astean VI. Plangintzaldirako Euskararen erabilera normalizatzeko Plana lantzeko bilera antolatuko da eta Gobernuak euskara sustatzeko duen borondate erreala erakusteko aukera izango du».

No hay comentarios: