EH Bilduk merkataritza txikia, ostalaritza eta kultura sektoreen aldeko apustu estrategikoa eskatzen du
"Argi daukagu edozein neurri murriztailek sektore kaltetuenentzat laguntzak izan behar dituela ondoan"
EH Bilduk merkataritza txikia, ostalaritza eta kultura sektoreen aldeko apustu estrategikoa eskatu du ostiral honetan. «Koronabiruasenaen hedapena geldiaraztea helburu duten neurriak ezagutu ostean, EH Bildun argi daukagu edozein neurri murriztailek sektore kaltetuenentzat laguntzak izan behar dituela ondoan».
Hala, EH Bilduk kezkaz ikusten du merkataritza, ostalaritza eta kultura sektoreek bizi duten egoera. «Pandemiak sektore hauek aurretik zituzten arazoak areagotu ditu, arazo eta behar berriak sortzearekin batera. Irungo Udalak eta Lakuako gobernuak zenbait laguntza martxan jarri badituzte ere hauek ez dira inondik inora nahikoak izan, are gutxiago Covid-19a hainbat hilabetez luzatzen ari den honetan».
«EH Bilduk Irungo Udalari eta Lakuako gobernuari eskatzen die sektore hauen aldeko apustu estrategiko argia egitea, diru laguntza zuzenak eta epe luzerako plangintza sakona uztartuko dituena. Horretarako sektoreetako eragileekin bilduz, kezkak entzunez eta beharrezko politika publikoak martxan jarriz. Halaber, hitzetatik ekintzetara joateko unea da. Izan ere, merkataritza txikiaren aldeko apustua egin nahi bada, ezinbestekoa da makroproiektu handiak alde batera uztea, ez dezagun ahaztu zenbaitek gure eskualdean bertan Zaldunbordako mega-outleta egin nahi zutela».
Kulturari dagokionez, «indarrean dauden neurriekin zaila da ohiko eskaintza kulturala aurrera eramatea, baina sektorea laguntzearekin batera, eta bertako eragileekin elkarlanean bide eta formato berriak bilatzeko unea da. Ostalaritzak ere bere ohiko jarduera mugatua dauka; zentzu honetan EH Bilduk sektoreari laguntzeko proposamen zehatza aurkeztu du hainbat neurrirekin, hala nola, diru-laguntzak, zergen ordainketak geroratzea, alokairurako laguntzak, etab».
Europako diru-funtsak zertara bideratuko diren eztabaidagai dagoen honetan, «EH Bildun argi daukagu funts horiek udaletara iritsi beharko liratekeela, udalak baitira herritarretatik gertuen dauden erakundeak, herritarrrek jotzen duten lehen leihatila udalarena da. Funts hauek ez lirateke enpresa handien eta makroproiektuen beharrak asetzeko bideratu beharko. Azken finean, gure herritarrak, gure dendak, gure tarbenak, gure ile-apaindegiak, gure sortzaileak… era egokian babestu eta zainduko dituen sistema publiko indartsu baten aldeko apustua inoiz baino beharrezkoa da. EH Bildun kontziente gara, krisi honetatik aterako bagara, herritarrekin eskutik lanean jarraituko dugula».
No hay comentarios:
Publicar un comentario