Ia 2.000 erreklamaziori erantzun dio udalaren kontsumitzaileen zerbitzuak
2023ko datuen balantzea egin du udalak, eta inpaktu ekonomikoari erreparatuta, 30.476,28 eurokoa izan da.
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) 2023 jardunaren balantzea egin du gaur Sergio Javier udaleko Kontsumoko ordezkariak, Mikel Zabaletarekin batera, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko arduraduna.
Guztira ia 2.000 kontsulta erantzun dituzte eta 456 erreklamazio tramitatu, 2022an baino 29 gutxiago. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurrean tramitatutako 24 arbitraje eskaeretatik 17ren esparruan, enpresak “amore” eman zuela azaldu dute, edota Arbitraje Batzordean baiespena eman zuen. Memoria oso lotura honetan kontsulta daiteke.
Datuen emaitzetan eragin nabarmena izan duela telefono bidezko kontsulten jaitsierak dio KIUBek. Izan ere, 2023ra bitarteko azken urteetan, gora egiten zebilen kopuru hori, baina datuak sektorean gatazka gutxiago izan direnaren seinaletzat jo dituzte. Ildo berean, energiaren sektorean ere gatazka gutxiago jaso dituzte eta uste dute prezioen beherakadarekin duela zerikusia.
Bulegoaren inpaktu ekonomikoaz ere aritu dira. Izan ere, erabiltzaileen kontsultei erantzuteko eta erabiltzaileei enpresen kontrako erreklamazioetan laguntzeko lanak, maiz, itzulketa, konpentsazio edo ordainketak ekartzen ditu, eta iaz, 30.476,28 euro itzuli ziren KIUBek kudeatutako erreklamazioei esker.
Bestelako lorpenak ere aipatu dituzte, hala nola, iristen ez diren produktuak entregatzea, bermea duten produktuak konpontzea eta bukatu gabeko lanak bukatzea. “Bulegoak garrantzi handiko lana egiten du”, adierazi dute eta hiru arrazoi eman dituzte:
- Kontsumitzaileen informazioa eta aholkuak eman legediak aitortzen dizkien eskubideei eta berauek erabiltzeko moduari buruz.
- Kontsumitzaileen eta enpresen artean bitartekari aritu, gatazkak onez onean konpontzeko.
- Merkatua kontrolatu kontsumo legediari dagokionez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario