Irungo Udalak euskara sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu
‘Familia Ola’, ‘Haurrak Parkean’ eta ‘Udagiro’ dira abian jarri diren egitasmoak
Irungo Udaleko Euskara Arlokoak euskara sustatzeko Familia Ola, Haurrak Parkean eta Udagiro egitasmoak abian jarri ditu.
Ekintzak
Alde batetik, Familia Ola zerbitzuak maiatzean bi eta zortzi urte bitarteko seme-alabak dituzten familia euskaldunentzako edo euskarari sarbidea eman nahi dioten familientzat aisialdi ekintzak eskainiko dizkie. Adibidez, maiatzaren 21ean eta 23an 17.30etatik 19.00etara eskulan tailerra egingo da eta maiatzaren 28an eta 30ean Irungo kaleetatik argazki rally-a egingo da, ordutegi berdinean. Gainera, oraindik zehaztu ez den egun batean irteera bat antolatuko da.
Ekimen guzti hauek euskara hutsez izango dira eta familiei hori berma-tzeko ahalegina egitea eskatuko zaie. Bestalde, eskainiko diren tailerretan gurasoek ere parte hartu beharko dute eta izena emateko epea apirilaren 29tik maiatzaren 6ra egongo da zabalik www.irun.org webgunean.
Jolasguneetan euskaraz
Haurrak Parkean egitasmoari dagokionez, honen bitartez Udalak familiei eta haurrei hainbat auzo eta herriko jolasguneetan euskaraz jolasteko baliabideak eskaini nahi dizkie. Zehazki, maiatzeko asteazkenetan Nagore Laffage eta Olaketako Partxis parkean garatuko da ekimena, eta maiatzeko ostiraletan Arbiun parkean eta Almudena Grandes plazatxoan. Bertaratzen diren haurren adinaren arabera, bi talde osatuko dira, bata hiru eta bost urte bitarteko haurren-tzat eta bestea sei eta bederatzi bitartekoentzat.
Euskara arloak
Bi egitasmo hauez gain, Irungo Udaleko Euskara Arloak hiriko ikastetxe eta institutuen laguntzarekin Udagiro programa antolatzen du, beste herrialdeetatik edo erkidego batzuetatik etorri berri diren gazteei euskarazko edukiak transmititzeko eta hizkuntza honekiko duten lotura zeharo ez eteteko. Horretarako klaseak eskainiko dira, uztailaren 3tik 24ra eta abuztuaren 5etik 27ra.
Gema Urtizberea Udagiro ekimenaren ordezkariak azaldu du 2007az geroztik antolatzen den programa honek harrera ona izan duela ikasleen eta irakasleen aldetik.
Programa honetan parte hartzeko udal webgunean eman beharko da izena maiatzaren 6tik 17ra.
Azkenik, egitasmo hauekin lotuta Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua aipatu behar da, datorren ostiralean, maiatzak 3, geldialdia Irunen egingo duena. Orotara zortzi film labur ikusteko aukera izango da, 19.30etatik aurrera Amaia KZko Hitzaldi Aretoan. Sarrera doan izango da, eserleku guztiak bete arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario