miércoles, 26 de febrero de 2025

Solas Jolasek 600 plaza eskainiko ditu

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 25 de Febrero de 2025.




Solas Jolasek 600 plaza eskainiko ditu

Plaza eskatzeko epea martxoaren 3an irekiko da eta martxoaren 14an bukatu. Aurten ere bi txanda eskainiko dituzte.

Solas Jolas udaleku irekien programa aurkeztu du gaur Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta izena emateko epea martxoaren 3an zabalduko dela iragarri du eta martxoaren 14an itxiko da, 14:00etan.

Udaleku hauen xedea euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza horrekiko jarrera hobetzea da eta Irunen erroldatuta dauden edo Irungo ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrei begirakoa da. Haurrek euskara hutsean edo euskaraz eta gaztelaniaz ikasi beharko dute parte hartu ahal izateko.

Inguru “euskaltzalea” sortuko dela aurreratu du udal ordezkariak, eta udalekuaren eskaintzen artean, eskulanak edota txango bereziak daudela nabarmendu du. Aurten ere bi txanda antolatu dituzte; lehena, uztailaren 3tik 30era, eta bigarrena, abuztuaren 4tik 29ra. Edizio hau 2013 eta 2020 urteen artean jaiotakoei begirakoa da eta 600 plaza eskainiko dituzte.

Irungo eskola publikoetan elkartzen dira egunero Solas Jolasen parte hartzen duten haurrak eta iazko udaran bezala, Eguzkitza ikastetxea itxita egongo da obrengatik. “Ikusiko dugu nola partekatzen dugun guztia, baina ohiko antolakuntza aurreikusi dugu”, azaldu du.

Iaz, baina, hainbat guraso kexatu egin ziren haur asko kanpoan geratu zirelako eta alternatibarik gabe, 300 haur, hain zuzen. Egoera hau berriro errepikatuko balitz, Iguiñiz ordezkariak azaldu du “udalak dituen baliabideak dauzkatenak direla” eta hurrengo urtera begira baliabide horiek “handitzen” saiatuko direla esan du. “Guk ere ahalik eta haur gehienek parte hartzea nahi dugu”, gaineratu du.

Izena emateko datak

Eskaera egiteko epea martxoaren 3an hasi eta martxoaren 14ko 14:00etan bukatuko da.  Irungo Udalaren orrialdean sartu behar da horretarako edota HAZ bulegoetako terminaletara joan behar da. Halaber, Kateako eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoetan ahal da eman izena, eta Palmera Montero gunean, Alhondiga Belaskoea auzo elkartean eta San Migeleko Helduentzako gune sozialean. 

Martxoaren 31n onartu dituztenen eta onartu ez dituztenen behin behineko zerrendak, eta apirilaren 4ean erreklamazioak aurkezteko azken eguna izango da. Ondoren, behin betiko zerrendak egingo dituzte publiko apirilaren 9an eta apirilaren 10ean izena emateko hitzorduak zozkatuko dituzte. Zozketaren emaitzak egun horretan bertan argitaratuko dituzte 15:00etan.

Beraz, zozketan esleitutako hurrenkeran egingo dituzte inskripzioak, apirilaren 28tik maiatzaren 12ra bitartean. Guraso eta tutoreak ikastetxeak aukeratuko dituzte. Zalantzarik izatekotan Euskara Zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan 943 50 52 72 telefonora deituta edota mezu elektroniko bat bidalita.

No hay comentarios: