Irugurutzetako labeen proiektua FITUR azokan aurkeztuko dute
Interpretazio Zentro berritzaile berria eraikiko dute hiriaren meatzaritza- eta industria-iragana erakusteko.
Aurten ere, Irunek presentzia izango du FITUR turismoa bultzatzeko azoka ezagunean. Azoka izugarrizko aukera da helmuga turistikoek beren eskaintza zein urteko berrikuntzak aurkeztu ditzaten. Irunek 2026ko FITUR azokaren edizioan Irugurutzetako Labeen proiektua aurkeztuko du. Aurkezpena IFEMAko 9. pabiloiko Basquetour agentziaren standean izango da hilaren 22an. Iaz Madrilen antolatzen den azoka honetan ere presente egon zen Irun, eta Oiasso museoko terma erromatarrak aurkeztu zituzten. Bidasoa Bizirikek Destino Turistiko Inteligentearen saria irabazi zuen iaz.
Irugurutzetako Labeen proiektua hiriaren meatzaritza- eta industria-iragana erakusteko baliagarriak izango da. Enklabe honek Gipuzkoako kaltzinazio-labeen multzorik handiena du, baita meatze-galeria kopuru handia ere. Ondare historikoa erromatarren garaitik dago, eta XX. mendearen hasieran garapen nabarmena izan zuen.
Ondarearen xehetasunak eta ezaugarriak hobeto ezagutzeko interpretazio-zentro bat eraikiko dute. Horretarako ezinbestekoa izango da labeak eta bere inguruak eraberritzea. Europar Batasunak finantzatuko ditu lanak osorik, eta bi milioi euroko inbertsioa izango dute. Zentro berria datozen hilabeteetan jarriko da martxan, eta hainbat baliabide izango ditu: erakusketa-gelak, seinale egokituak, ikus-entzunezko baliabideak, jarduera didaktiko eta interaktiboak, eta bisita gidatuetarako programa bat.
Honekin batera, Irungo eremu erromatarra eta Irugurutzetako meatze-eremua lotzeko Txikito Trena jarriko du martxan. Kokagunearen irisgarritasuna hobetuko dute, eta bideak eta plataformak egokituko dituzte.


No hay comentarios:
Publicar un comentario