IRUN
Bilduk aparkalekuaren arazoa «bere orokortasunean» jorratuko du Mugikortasun mahaian
06.06.13 - 00:16 -
Bildu udal taldeak atzo aurkeztu zituen gaurko Mugikortasun mahaian jorratu nahi dituen lau gai nagusiak. Oinatz Mitxelena bozeramaileak azaldu zuenez, «aurreko mahaietan zintzilik geratutako gaiak dira, eta itxi beharko lirateke». Honen adibide gisa Letxunborro eta Nafarroa hiribideko txirringa bideak aipatu zituen Mitxelenak: «Aurreko bi Mugikortasun mahaietan honen inguruan eztabaidatu zen, eta pentsatzen dugu gai hau itxi eta beste elkarte batzuk egindako eskaerei erantzun behar zaiela».
Bilduk mahai gainean jarriko duen bigarren gaia autobus lineen balorazioa izango da. «Iaz aldaketa bat eman zen, eta Udal gobernuarekin akordio bat lortu genuen Bildu udal taldetik». Akordio honen arabera, urtero lineen funtzionamenduaren balorazio bat egingo da Mugikortasun mahaian. Urtebete pasatu ondoren, balorazioa «beharrezkoa dela uste dugu, ze nolako onurak egon diren eta zer aldatu daiteken» aztertzeko. «Badago oraindik hobekuntzak egiteko aukera», adierazi zuen Oinatz Mitxelenak, eta «maiztasuna, ordutegiak, lineen osaketa eta zerbi-tzuaren inguruko informazioa» aipatu zituen adibide bezala.
Gaurko bileran Bilduk jorratu nahi duen hirugarren gaia «aparkalekuaren arazoa» da. Bilduk honen inguruan mozio bat sartu zuen apirileko osoko bilkuran, baina azkenean erretiratu egin zuen. Honen arrazoi nagusia Mugikortasun ordezkaria eta alkatearen «konpromisoa izan zen, Mugikortasun mahaian gai hau eztabaidatzeko», bozeramaileak gogoratu zuenez. Bildu udal taldetik «argi dugu mahai gainean jarriko dugula gaia bere orokortasunean, herritarren arazo nagusietako bat dela ulertuz».
Mugikortasun astea da Bilduk jorratu nahi duen laugarren gaia. Iazko ekimen honen balorazioa egin zutenean, «aste hori beste modu batean antolatu zitekeela esan genuen. Iaz, enpresa baten bidez burutu zen Mugikortasun Astea», baina Bilduren ustez «Mugikortasun mahaiatik antolatu daiteke».
No hay comentarios:
Publicar un comentario