Adaxkako 200 haur eta gaztetxok dantzatuko dute gaur Amaian
Kemen taldeko harrobiak, dantzaren bidez, «gure herriko ondarea oholtzara» eramango du 18:00etan hasiko den emanaldian
- J. OCHOTECO
- IRUN
Adaxka Dantza Taldeak emanaldi bat eskainiko du gaur, larunbata, Amaia Kultur Zentroan. Urtero igotzen dira taldeko dantzariek eszenatokira kurtsoan zehar egindako lana plazaratzeko.
Kemen Dantza Taldeko harrobia osatzen duten haur eta gaztetxoek «gure herriko ondarea oholtzara eramango dute», koordinazio taldeak azaltzen duenez. Adaxkak prestatu duen ikuskizuna arratsaldeko 18:00etan hasiko da Amaia antzokian.
Adaxka «Irun eta Hondarribiko eskoletako 300 bat dantzarik osa-tzen dute», azaltzen dute taldeko arduradunek. «Hauetatik 200ek, 6tik 16 urtera bitartekoek, hartuko dute parte larunbateko ikuskizunean». Izan ere, eta «espazio arazoak direla medio, ezinezkoa da 300 gazte Amaia antzokian sartzea, eta are zailagoa hauen guztien senide eta lagunek ikuskizunaz gozatu ahal izatea. Hori dela eta, larunbateko saioan taldeko gazteenek ez dute parte hartuko», Adaxkako koordinatzaileak azaltzen dutenez.
«Egitarau oparoa»
Dantzari txikienak eszenatokian egongo ez diren arren, Adaxkako 200 kideek «egitarau oparoa» eskainiko diete gaur arratsaldean ikusleei. Beste urteetan egin duten bezala, eta dantzaren bidez, Adaxka taldeko haur eta gazteek Euskal Herrian zehar bidaiatuko dute: «Gipuzkoako dantzekin hasiz, adin ezberdinetako taldeek igaroko dute oholtza, eta Bizkaia eta Nafarroa zeharkatu ondoren, Lapurdin emango zaio amaiera aurtengo ikuskizunari», zehazten dute Adaxkako arduradunek.
Atzo arratsaldean eta gaur goizean ospatzen ari dira emanaldi honetako azken entseguak, Amaian bertan. Urduritasun pixka bat eta ilusio askoz bizitzen ari dira Adaxkako gaztetxoek ikuskizunaren aurreko azken momentu hauek. Amaia antzokia senide eta lagunez beteko da gaur arratsaldean: Adaxkako koordinazaileek azaltzen dutenez, emanaldirako sarrera gehienak «jada salduta daude». Azkenak Kutxa Sarrerak web gunean, Luis Marianoko Turismo bulegoan eta Amaia Kultur Zentroko lehiatilan bertan lortu daitezke, 4,10 euroko prezioan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario