Bidasoa XXIek kiroldegietan izan duen irabazia langileentzat onura izan dezan eskatu du EH Bilduk
- M.A.I.
- IRUN
Udal kiroldegietako langileek 2013 urtean zerbitzuaren kudeaketa daraman Bidasoa XXI elkartearekin izandako lan gatazkaren ondorioz adostutakoa gogoratu zuen atzo EH Bilduk. Orduan, negoziaketei «irtenbide bat emateko, zerbitzuak aurrera egin ahal zezan, beraien soldataren zati bat kobratzeari uko egin eta kudeaketak irabaziak ematen zituenean kobratzea adostu zuten zuzendaritzarekin», gogoratu zuen udal talde ezkertiarrak.
Joan den urtea, «kudeatzaileek aurkeztutakoaren arabera, irabaziekin amaitu da», adierazi zuen Bilduk. «Diru kopuru hori garaian langileek uko egindako soldataren zati hori berreskuratzeko izan behar du. Eta badirudi oraindik urteko kontuak aurkeztu eta hiru hilabetera langileek ez dutela ezer jaso», salatu zuen.
«Langileez ahaztu da»
Era berean, aste honetan egindako adierazpenetan, Pedro Alegrek, udal kirol delegatuak, «kiroldegiek bizi duten egoera hobera doala esan du eta hori Bidasoa XXIek egindako kudeaketari esker dela. Ez dugu ukatuko elkarte honek kiroldegiak kudeatzeko duen ardura handia dela eta gauzak aldatu egin direla, baina delegatu jaunak zerbitzu hau aurrera eramateaz arduratzen diren langileez ahaztu egin da», salatu zuten EH Bilduko kideek. «Langile hauek erakutsi duten borondate ona da zerbitzu hau aurrera egitearen arrazoi nagusia».
Horregatik uste dute Alegrek ez lukela soilik «zerbitzua kudeatzen duen elkartea goratu behar. Berau osatzen duten langileen eskubideak bermatuak daudela egiaztatu behar du eta bi aldeen artean dauden konpromisoak betetzen direla». Langileek «zor zaiena kobra dezaten, egin beharreko guztia egin dezala» eskatu zion EH Bilduk Pedro Alegreri.
No hay comentarios:
Publicar un comentario