Carlos Blanco Aguinaga kultur gunea zabaltzeko dena prest dago
Irungo San Juan plazapeko liburutegi berriak ate irekien egunak izango ditu bihar eta etzi
XABIER SAGARZAZU - 2015(e)ko urriaren 1a, osteguna - 06:11etan eguneratua
IRUN - Dena prest dago Irunen bihar eta etzi artean, San Juan plazapean kokatuko den Carlos Blanco Aguinaga liburutegi eta kulturgune berria zabaltzeko. Eta irekiera hori ospatzeko, atzo aurkeztu ziren bihar eta etzi arterako Udalak eta zenbait eragilek (inguruko ostalariek, Lady Red musika kontzertuen eragileak eta Alde Zaharra-San Juan bizilagunen elkarteak) prestatu duten ekitaldi programa berezia.
“San Juan plaza erdian eta honen azpian, luzaroan hutsune bat izan dugu Irunen. Orain, azkenik, heldu da CBA liburutegi eta kulturgune berria zabaltzeko ordua. Hiria eraikitzeko modu berri baten eredua da gune hau, Irungo erdigunean 2.500 metro koadroko espazio libre eta irisgarria atondu duena”, azpimarratu zuen atzo José Antonio Santano alkateak, Juncal Eizaguirre Kultura zinegotziarekin eta inaugurazio ekitaldietan parte hartuko duten elkarte eta eragileekin batera egindako aurkezpenean.
ATE IRIKIAK “CBA liburutegi berriak ate irekien egunak izango ditu bai ostirala eta bai larunbata, eta honen inguruan, musika, gastronomia eta hiritarren parte-hartzea uztartuko dira zenbait ekitaldi eta ekimenen bitartez”, azaldu zuen Juncal Eizaguirre zinegotziak.
Honela, bihar ostirala, 10.30ak eta 11.30ak artean, “Irungo ikastetxe desberdinetako 275 umek giza katea osatuko dute Ikust-Alaia liburutegi zaharretik CBA berriraino, eta kate horretan liburuak eramango dituzte batetik bestera, leku aldaketa hau sinbolizatuz”, azaldu zuen Kultura zinegotziak. Ikasleei ondoren hamaiketakoa emango diete San Juan eta Kale Nagusiko inguruetako ostalariek. Hauek ere, gainera, bihar bertan zein larunbatean, pintxo-pote berezia eskainiko dute liburutegiaren irekiera dela eta.
Bihar arratsaldean, 17.00etatik 20.00tara, hiritar guztientzat ateak zabalik izango ditu CBA liburutegi eta kulturgune berriak, eta tartean, 18.30etan hasita, zuzeneko musika emanaldiak ere izango dira liburutegiko patioan.
EKITALDI OFIZIALA Larunbatean, 13.00ean egingo da Carlos Blanco Aguinaga liburutegiaren irekiera ekitaldi ofiziala. “Bertan izango dira Estatu Batuetatik etorriko den Alda Blanco, Carlos Blancoren alaba eta beste sendiko batzuk”, azaldu zuen José Antonio Santanok.
Larunbata arratsaldean, 17.00ak eta 20.30ak artean, ate irekien bigarren egunak jarraipena izango du. Liburutegian ipuin kontalarien saioak izango dira txiki eta helduentzat eta 19.00etan, txokolatada izango da San Juango pergolan, Alde Zaharra-San Juan bizilagunen elkartearen eskutik
.
.
No hay comentarios:
Publicar un comentario