martes, 20 de febrero de 2018

Irundarrek Javier Agirre behar bezala Zoriondu dute

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 16 de Febrero de 2018.

IRUNDARREK JAVIER AGIRRE BEHAR BEZALA ZORIONDU DUTE

Filmean egindako lan gogorraz eta orain arteko ibilbideaz hitz egin du HITZAk Agirrerekin
Javier Agirre irundarra Goya sariarekin. Argazkia: Zarauzko Hitza.
Handia filmak  irundarren zirrara ere eragin du azken asteetan, horren protagonista Javier Agirre izanik. Goya estatuatxo bat Zarauztik [han bizi da] bere jaioterrira ekarri berri du irundarrak, Argazki Zuzendari Onenaren Goya saria hain zuzen ere.
Euskal Herriko zein nazioarteko zinemazaleen ahotan dago filma, baina arrakasta hori lortu ahal izateko, lan gogorra egin behar izan dute Handia osatzen dutenek. Agirrerena lan zailenetakoa izan da, produkzio garestiena ez izan arren, Hollywood-etik iritsitako irudien antzerakoak lortu baititu.
2,41 metro luzeko gizon bat irudikatzea «lan zailena» izan dela onartu du argazkilaritza adituak. Horretarako, proba mordoa egin behar izan dituzte, Agirrek zehaztu bezala, «behin eta berriro». Azkenik, saskibaloi jokalari batekin eta Eneko Sagardoyri ipinitako gehigarri guztiekin Altzoko erraldoiari bizitza eman diote.
Ibilbide luzeko argazkilaritza zuzendaria da Agirre. Aurretik, hamarnaka ikus-entzunezkoren proiektuetan egin du lan irundarrak, tartean, Loreak filmean. Txikitatik datorkio argazkilaritzarekiko zaletasun hori, Agirre gazteak anai helduen kamera erabiltzeko ohitura zuenetik. Dunboa ikastetxean bere lehen kontaktua izan zuen era arautuan mundu berri horrekin, argazkiak errebelatzen hasi zenean. Hurrengo pausoak, Bidasoa Institutuan elektronika ikasi ondoren, Andoainen emango zituen, bertako ikus-entzunezkoen eskolan. Ordutik, etengabe «pasioz» hartu du kamera Agirrek, gaur arte.
Harrera «hunkigarria»
Joan den astelehenean, Irungo Udaleko talde guztiek eta hamarnaka herritarrek Agirre zoriondu zuten. Lepo utzi zuten irundarrek udaletxeko areto nagusia, ahalik eta harrera beroena emateko. Javier Agirre: «Ez nuen hainbesteko jendetza espero udaletxean, nire herriko jendea hain pozik ikustea hunkigarria da, erantzuna gehiegizkoa izan da». Bertan, Jose Antonio Santano alkateak San Juan Harria oparitu zion goyadunari, eta Agirrek filmeko talde guztiak sinatutako kartela.
Saria jaso zuenetik jada bi aste pasatu dira, eta orain, «lurreratzen» ari dela argitu du irundarrak. Irungo harrera «azken astindua» izatea espero du Agirrek, eta aurretik dituen proiektuetan zentratu nahi du, aurretik «lan handia» duela onartu baitu.
Handia-z gain, dagoeneko bestelako proiektu batzuk ere bukatu ditu. Telmo Esnal zuzendariaren Dantza lana amaitu berri dutela azaldu du Agirrek, eta Irungo zenbait lekutan irudiak hartu dituztela.

No hay comentarios: