miércoles, 21 de febrero de 2018

San Miguel Anakako aukera baztertzea "Saminez eta Penaz " hartu du EH Bilduk

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 20 de Febrero de 2018.

SAN MIGUEL ANAKAKO AUKERA BAZTERTZEA “SAMINEZ ETA PENAZ” HARTU DU EH BILDUK


Irungo EH Bilduk aurkeztutako proiektuaren irudia.
Joan den asteko ostegunean (hilak 15), Irungo Udaleko Bozeramaileen batzordean, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko maneiatzen zituzten lau hautagaietatik bi baztertu zituzten. Horrela, egun, Txenperenea edo Zubieta II eremuen artean erabakiko beharko dute.
Baztertutako San Miguel Anakako aukera da Irungo EH Bilduk bere garaian proposatu zuena. Joan den asteko erabaki horren harira, zenbait kontu argitu dituzte koalizio abertzaleko kideek. “Saminez eta penaz” jaso dute albistea EH Bildutik. “Urteak dira beste eremuetan egin behar ziren etxebizitzak eremu honetan egingo zirela erabaki zuela gobernu sozialistak”, adierazi dute, eta oraindik “urte dezente” pasako direla errealitate hori ikusi arte. San Miguel Anakako proposamenak hiriko kluben eta bizilagunen “onespena” jaso duela adierazi dute, eta herritarrei zera esan nahi izan diete: “ez ditugu abandonatuko eta San Miguel Anakako bizilagunei konkretuki esan nahi diegu, beraientzat proiektu bat dugula, parte hartzean oinarrituta dagoena, eta datozen asteotan ezagutaraztera eramango duguna”.
Koalizioaren proposamena alde batera uztea “hausnarketa sakon bat” egitera behartu dituela azaldu dute, eta PSE-EEK 25 urte daramatzala “salbuespena arau bihurtzen”. Bestalde, Europatik 230.000 euroko diru laguntza galdu dutela azaldu dute, udalak Europarekin hartutako konpromisoak “bete ez dituelako”.
Hori guztia ikusirik, hitz batekin definitu dute alkateak eginiko kudeaketa: “inprobisazioa”. Azken hilabetetan “noraezeko deriba batean” dagoela salatu dute, “nahi eta ezinean”. Are gehiago. Irun “desgobernuaren hiria” bihurtu duela salatu dute eta ondorengoa plazaratu nahi izan dute: “Irunek ez du alkate hau merezi”.
EAJ Udal Gobernutik kanporatu arren, adostasunetara iristeko gai ez dela “argi eta garbi” agerian utzi duela ere salatu dute. Amaitzeko, oposizioa gehiengoa dela nabarmendu du, “gehiengo alternatibo bat, Irun hobe bat egiteko ardura daukana”. EH Bilduk herritarren interesak “lehenetsiko” dituela adierazi dute, eta ez dutela inongo aukerarik baztertzen, ezta alkatea “kargutik kentzearena ere”.

No hay comentarios: