ASUN CASASOLA III. IPUIN LEHIAKETAK BADITU IRABAZLEAK
Asun Casasola III. Ipuin Lehiaketari amaiera eman zioten atzo. ‘Ez da ez’ lelopean egin dute aurtengoa, eta guztira, 253 lan bildu dituzte. Aurrekoetan ez bezala, gazteentzako lehiaketa ere egin dute hirugarren edizioan. Berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea du helburu lehiaketak. Epaimahaiek indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusmolde positibo batetik landu izana baloratu dute.
Atzo, Irungo Brönte liburu dendan sari banaketa egin zuten. Ainara Elizondo hondarribiarra eta Juan de Molina (Ubrique, Cadiz, Espainia) helduen kategorian lehen saria jaso zuten, eta Aitor Agesta (Zubieta, Nafarroa) eta Ines Rodriguez-ek (Fuensalida, Toledo, Espainia) berriz, gazteen kategorian.
Sari banaketaren aurretik, hiriko zenbait kazetarik ipuin saridun guztiak irakurri zituzten, saxofoiaren gidaritzapean. Ainara Elizondok Ez da ez! izenburuko lana aurkeztu du; Juan de Molinak, berriz, Quien esté libre de pecado… tituluduna. Gazteen kategorian, Aitor Agestak ere Ez da ez titulatuko lana aurkeztu du, Ines Rodriguezen sorkuntzak izenbururik ez zuen bitartean. Helduek 400 euroko saria jasoko dute, gazteek 150ekoa. Horrez gain, Leka Enea eta Dunboa ikastetxeetako ikasleei ere sari berezia eman zieten, idatzitako bi testuak saritzeko. Horrela, Brönten baliatzeko 50 euroko bi bono jaso zituzten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario