Koop Fabrika dispositiboa sei proiektu sustatzen ari da bere formazio programaren barne
Ekintzailetza kooperatiboa eta ekonomi sozialean oinarritutako ekimenak Lakaxita Gaztetxean aurkeztu ziren
Koop Fabrika egitasmoa bere lehenengo fruituak ematen ari da: eskualdeko sei proiektu bildu ditu Hiritik At kooperatibak kudeatutako formakuntza dispositiboak, duela hiru hilabete martxan jarri zena proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak sustatzen laguntzeko.
Proiektuaren berezitasun nagusia kooperatibagintza eta garapen komunitarioaren klabeetan oinarritzen dela da. «Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista pertsonen eta naturaren esplotazioan oinarrituta dago», azaldu zuen Iker Eizagirrek, Hiritik At kooperatibako kideak. «Beste eredu ekonomiko bat sortzeko beste filosofia batean oinarritutako unitate produktiboak behar dira, eta horretarako jarri dugu martxan dispositibo hau».
Koop Fabrikako lehen formakuntza fasea amaitu da eta bertan parte hartu duten sei proiektuak aurkeztu ziren Lakaxita Gaztetxean. Maider Lekuona Gisa elkarteko kidea da eta «software librearen inguruan kokatzen den» proiektua sortu du. Ekimen hau «ekonomia sozial eraldatzailearen barruan kokatzen dugunez», Koop Fabrika dispositiboan «sartu gara». Elkarte honen xede nagusia «jendeari ordenagailuekin laguntzea da», informatikaren mundua «misteriotsua ez izatea. Zerbitu integrala ematen dugu arlo honetan, beti software librea erabiliz».
Pausumedia gobernuz kanpoko elkartea proiektuaren barne dago baita ere: Peli Lekuonak azaldu zuenez, erakunde honek «bere garaian Antxeta Irratia sortu zuen, zerbi-tzu ezberdinak eskaintzen zituen eta jarduera ekonomikoa ere bazeukan». Oinarri horietatik abiatuta, «eta elkartearen helburuak aintzat hartuta, komunikazio bulego bat sortu nahi dugu, bereziki eragileei laguntzeko».
«Ezinbesteko prozesua»
Jone Fernandez eta Enara Iruretagoienak 'Ara! Gorputz' izena duen proiektua jarri dute martxan. «Bertan gorputzaren burujabetasuna orokorrean lantzen dugu», azaldu zuen Jone Fernandezek. «Zerbi- tzu desberdinak eskaintzen ditugu; eta hauen barne autokudeatutako ginekologia taldeak sortzea bultzatzen dugu». Baita ere, «hilekoaren kulturaren inguruko formakuntza eta bidelaguntza» eta «ekonomia feminista inguruko formakuntza» eskaintzen dute.
Aitor Txabarri eta beste bi lagunen proiektua informazio internazionala jorratuko duen agentzia sortzea da. «Ideia da materialak sortzea eta hona ekartzea, eta hasiera batean Ekialde Hurbilean zentratuko gara», azaldu zuen.
Txomin Bengoa eta Miren Aisak martxan jarritako Malas Pulgas proiektuak eta Gari Garaialderen Izarkom telekomunikazio operadora kooperatiboak osatzen dute Koop Fabrikaren barne dauden sei egitasmoak. Formakuntza dispositiboak hurrengo asteetan garatuko ditu antolatutako hurrengo faseak. «Koop Fabrikako prozesua ezinbestekoa izan da proiektuei forma emateko», azpimarratu zuen Jone Fernandezek. «Nire proiektuak ez zuen honelako ibilbidea izango beste espazioetan. Koop Fabrikaren baitan lasai sentitu naiz proiektuak dituen berezitasunak garatu ahal izateko».
No hay comentarios:
Publicar un comentario