jueves, 24 de enero de 2019

CBAn euskarazko irakurzaletasuna aztertuko da aurtengo Loidi bekarekin

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 24 de Enero de 2019.

CBAn euskarazko irakurzaletasuna aztertuko da aurtengo Loidi bekarekin

Loidi Beka. Maialen Oiartzun, Unai Oiartzun, Mónica Martínez eta Iban Eguzkitza.
/F. DE LA HERA
Loidi Beka. Maialen Oiartzun, Unai Oiartzun, Mónica Martínez eta Iban Eguzkitza. / F. DE LA HERA

Unai eta Maialen Oiartzunek aurkeztu zuten proiektua hautatu du epaimahaiak jaso ziren bost ideien artean

IÑIGO MORONDO IRUN.
0
Unai Oiartzun eta Maialen Oiartzun neba-arrebak izan dira 2019ko José Antonio Loidi Bekaren irabazleak. Bi irundar gazte hauek 'Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian' proiektua aurkeztu zuten Udal Euskara Arloaren deialdiari erantzunez eta epaimahaiak hura aukeratu du aurtengo dirulaguntza zeregin horretara bideratzeko.
Beharbada, Oiartzun neba-arrebek aurkeztutako proposamenaren ezaugarri esanguratsuena bere prak-tikotasuna litzake. Ikerketa ez da soilik jakituria sortzeko izango, izan ere zuzeneko erabilgarritasuna izango duelakoan pentsatu zuten, «baliogarria izan zitekela Euskara Arloarentzat, Udal liburutegiarentzat, Irungo Udalarentzat», adierazi zuen Unai Oiartzunek. Modu horretan ere ulertu zuten bekaren antolatzaileek «eta praktikotasun hori kontutan izan zuen epaimahaiak bere erabakia hartzeko», aitortu zuen Iban Eguzkitzak, Euskara Arloko zuzendari eta epaimahai horren idazkariak.
Proiektua
Unai Oiartzun eta Maialen Oiartzun izan dira garaileak 'Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian' proposamenarekin.
Epaimahaia
Mónica Martínez (Euskara ordezkaria), José Luis Loidi (José Antonio Loidiren semea), José Monje (LUKT), Jorge Giménez Bech (idazle eta itzul-tzaile irundarra, Alberdania argitaletxearen sortzailea) eta Iban Eguzkitza (Euskara Arloko zuzendaria), idazkari.
Ezaugarriak
Bost proiektu aurkeztu ziren eta bakar bat aukeratu da. 9.000 euroko dirulaguntza ematen du bekak eta urte beteko epea lana burutzeko.
CBA aztertu
Proiektua zertan datzan Unai Oiar-tzunek berak argitu zuen. «Irun hiri osoan euskarazko irakurzaletasuna inkestekin edo ikerketaren batekin aztertzea konplexua zela ikusita, Udal Liburutegia erreferentzia ona izan zitekela pentsatu genuen». Zaletasuna liburuetan baino haratago neurtzeko, literaturaren inguruan egiten diren jarduerak ere kontuan hartuko dituzte. Lehengo urratsa «datu bilketa bat izango da, Udal Liburutegiak dituen datuak erabiliz: ze liburu dauden, maileguak, irakurleen profilak». Baina estadistika baino gehiago edukiko du Oiar-tzun bikoteak egin nahi duen «egungo egoeraren argazkiak. Horretarako elkarrizketa sorta bat egingo dugu zuzendaritzarekin, langileekin, jardueretan dauden dinamizatzaile eta parte-hartzaileekin...».
Ondoren, parte hartze prozesu bat zabalduko da erabiltzaileekin, inkesten bitartez baita eztabaidekin, bilerekin, iruzkinekin. Jasotako guztiarekin ikertzaileek txostena prestatuko dute eta iradokizunak gehituko dizkiote.
«Gure aldetik -baieztatu zuen Udal Euskara Arloko ordezkaria den Mónica Martínezek- proposamen horiek aintzat hartzeko borondatea dugu». «Beste ikerketetan ez da horrelako aukerarik egoten baina kasu honetan, CBA ere Irungo Udalaren parte dela kontutan izanda, ondorioetako batzuk ziur aplikatzerik badugula», esan zuen ere Iban Eguzkitzak.
Unai Oiartzun kazetaria da, bere arreba Maialenek Lehen Hezkuntza gradua du, baina biek ikerketa mundura bideratu dute bere ibilbidea. «Zaletasun komun batzuk baditugu eta horietako bat irakurketa da», adierazi zuen Maialenek. «Txikitatik izan dugu zaletasuna eta gaur egun mantentzen dugu. Nahiz eta euskaraz bizitzen saiatzen garen, gehienbat gazteleraz irakurtzen genuela konturatu ginen», aitortu zuen.
Hari hartatik tira, Elkarrentzat egindako ikerketa bat aurkitu eta «euskaldunon %23k euskaraz eta %54ek gazteleraz irakurtzen zuela ikusi genuen. Hori zergatik gerta- tzen zen jakin nahi genuen eta gure hirian egoera zein zen aztertu». Horrela hasi ziren Loidi bekarako bere proposamena prestatzen. «Duela urte batzuk ez genuke imajinatuko horrelako batean elkar aritzea. Oso pozik gaude aukera hau izateagatik».

No hay comentarios: