"Amiantoak hil du, bere lankideek askotan salatu bezala. Gure babesa eta elkartasuna senide zein lankideei", adierazi dute LABetik.
LABek jakinarazi berri duenez, Felix Vazquez Irungo CAFeko langile ohia hil da. “Amiantoak hil du, bere lankideek askotan salatu bezala. Gure babesa eta elkartasuna senide zein lankideei. Bat egiten dugu beraien saminarekin, baina baita salaketarekin ere”, adierazi dute sindikatuaren Oarso Bidasoko Twitter kontutik.
LABek ondoren bidalitako oharrean adierazi du bihar 10:00etatik 12:00etara geldialdia egingo dutela Irungo CAFeko lantegian. Tarte horretan beilatokirako bidea hartuko dute Vazquezen familiari babesa adierazteko, eta ondoren elkarretaratzea egingo dute lantegiaren atarian.
Sindikatuak esan duenez, CAFeko Irungo lantegiko langile izan eta amiantoagatik hil den hirugarren pertsona izan dela Vazquez. Beasainen arrazoi horregatik 37 hildako izan direla esan du, eta Zaragozako lantegian, berriz, 49. Hala, LABek CAFeko zuzendaritzari eskatu dio amiantoarekin lan egitearen ondorioz gaixotzen diren lankideen eta familien “sufrimendua areagotzen duen borroka judiziala ekidin” dezala, “eta bere ardura onar dezala”.
Iaz Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak Vazquezi lanerako ezintasun iraunkor absolutua eman zion. Erakundeak aitortu zuen langileak zuen gaixotasuna amiantoarekin lan egiteagatik sortu zela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario