Sanmartzial jaien amaierako eskupilota jaialdia egingo dute datorren astelehenean (uztailak 1). Sarrerak dagoeneko eskura daitezke.
Sanmartzialen amaieran ohitura den bezalaxe, datorren astelehenean (uztailak 1) eskupilotako jaialdi klasikoa egingo dute. Aurtengoak gainera agertoki berria izango du, berezia. Datorren astean estreinatuko dute Uranzu pilotaleku berria, eta lehen mailako bi eskupilota partida bertan jokatzea erabaki dute Kurpil Kirolak Elkarteak eta udalak. Partidak arratsaldean izan arren, goizean irekiera ekitaldi ofiziala egingo dute.
Lehen mailako pilotariek estreinatuko dute pilotaleku berria. Zehazki, Olaizola II-Albisu eta Irribarria-Zabaleta bikoteen arteko lehiaz gozatuko dute beratutakoek. Gainera, Victor-Imaz eta Jaka-L. Galarzaren arteko neurketa ere jokatuko dute bertan. Sarrerak, Kurpil elkartearen egoitzan eskura daitezke, gaur, bihar eta hilaren 28an (ostirala), 18:30etik 20:00etara. Txartelek 20 eurotik 35erainoko prezioa izango dute (eserlekuaren kokapenaren arabera).
Eskupilotaz gain, Uranzu berriaren irekiera ofiziala izanik, ekitaldi berezia prestatu dute. 11:30etik aurrera Atzokoak abesbatzak eta Kemen Dantza Taldeak emanaldia eskainiko dute. Gainera, bertsolariak ere izango direla jakinarazi dute udaletik. Era berean, 13:00etatik aurrera, instalazio berriak bisitatzeko aukera izango dute irundarrek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario