Pikoketan burutu zen omenaldia. / Kepa Ordoki MHB
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hamarnak lagun bildu ditu Pikoketako fusilatuen monolitoan. “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” proiektuaren bitartez, Bidasoan errepresioa jasan izan duten 150tik gora emakumak errebindikatu ditu elkarteak banan banan emakumeen izen abizenak eta jasandako errepresioa aipatuz.
Omenaldia proiektuaren nondik norakoak azalduz hasi da. Azken hilabeteetan, Kepa Ordoki MHB elkarteak Euskal Herriko artxibategi, liburu edota elkarrizketak baliatu ditu, Bidasoan, 1936-1945 urteen artean errepresioa jasan izan duten emakumeen kasuak dibulgatzeko. Elkartearen esanetan, “oroimen historikoaren baitan dago errepresioa jasan izan duen emakume bakoitzaren kasuari argia ematea, argiki, izen abizenak eta errepresio jazoera azalduz”. Elkarteak milizianak, emakume espetxeratuak, emakume errefuxiatuak eta frankismoaren aparatu errepresiboa jasan duten emakumeen kontextua eraikiz hasi du ekitaldia:
Aipagai dugu ere nazioartetik eskualdea defendatzera etorri ziren gizon emakumeak. Esaterako, Estoucha, Esther Zilberberg, Belgikako Gazteria Antifaxistekin etorri zen. Berez, erizain lanak egin behar zituen, baina ez zuen adore faltarik izan faxistek burkidea hil zutenean, ametrailadora hartzeko.
Erizain lanetan ibili zen ere Felipa Dominguez Taguanda “Domi” irundarra. Lehen tiroketak entzun ostean, Gayano sendagilearen aurrean bolondreski aurkeztu zen laguntza eskaintzeko. Honela, Txarodiko Gurutze Gorriaren erizaintza postuan hasi zuen jarduna.
Bidasoa inguruko hamarnaka emakume atxilotu zituen Frankismoak. Esaterako, Francisca Miqueo, Francisca Sarobe, Antonia Tellechea eta Juliana Tellechearen atxilotze agindua luzatu zuten Lesakan, “Espainiako mugimendu salbatzailearendako arriskutsuak” izatea leporatuz.
Galdames untziko 173 atxilotuetan ere Behe Bidasoko bizilagunak topa ditzazkegu, hala nola, Luisa Vazquez Zugasti, Orosia Ordoki Vazquez edota Dominica Vazquez Zugasti, hirurak Kepa Ordokiren senideak. Guztiz deigarria da Dominica eta Orosiaren amari leporatutakoa: “cuya vida privada ha sido causa de la perdición de sus hijas una de las cuales fue presidenta del Socorro Rojo y amante de uno de los mayores asesinos de la ciudad fronteriza”. Orosia Ordokik, Socorro Rojoko lehendakaria izandakoak, Palma de Malllorcako espetxean amaitu zuen. Bertan, bi aldiz simulatu zuten bere fusilamendua. Balarik gabe bietan.
Atxilotuak aipatzean, ezin daitezke albo batean utzi Ondarretako Espetxeko emakumeak. Bertako 70 atxilotuk baina gehiagok Bidasoa zuten jatorri. Lapurretak, kontrabandoa edota erregimen berriarekin bat ez egitea leporatuta hamarnaka atxiloketa burutu ziren. Avelina Esteverena Beratarrak esaterako, hiru egunez atxilotua egon zen abortatzeagatik.
1936ko irailak 4 eta 5a egun azpimarragarriak dira. Eskualdeko biztanleriaren gehiengoak Irun eta Hondarribitik ihes egiteko hautua egin zuen faxismotik ihesean.
Lehen helmuga Hendaia eta Ipar Euskal Herria izan zuten errefuxiatuek eta hemen topatu dezakegu Arrueta-Sarrikotako “Zamakoitz” etxea.
Bidasoko errefuxiatuen beste garrantzizko helmugak Bartzelona eta Katalunia izan ziren. Generalitatateak hamarnaka errefuxiatu jaso zituen Poble Espanyol eta Monjuiceko estadio olinpikoan. Hala ere, 1939tik aurrera, Bidasoko bizilagun asko euren jatorrira itzuli ziren. Muga pasata hasi ziren errefuxiatu hauen sufrikario eta errepresioak: Atxilotze guneak, burlak, tratu txarrak edota bazterketa.
Eskualdeko Karlistek botere nabarmena izan zuten Frankismoaren lehen urteetan. Botere karguak kontrolatzeaz gain, Nafarroako Junta Central Carlista de Guerrarekin harreman zuzena zuten; honenbestez, ez da harritzekoa informazio trukaketa edota susmagarrien zerrendak osatu izana.
Ez da kasualitatea elkarteak Pikoketan elkartzeko deialdia egin izana. Duela 83 urte, Espainiar Estatuan jazo zen estatu kolpearen ondorioz, matxinatuek inguru honen kontrola eskuratzen zebiltzala, 18 miliziano fusilatu zituzten, tartean Mercedes Lopez Cotarelo eta Pilar Valles Vicuña. 16 eta 17 urteko emakume gazteak.
Irunik grisena ezagutuaz
Rosi Perez eta Juncal Violet omenaldian egon dira. Biek “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” proiektuan parte hartu dute elkarteak gauzaturiko elkarrizketen bidez. Haurrak zirela, erbestetik itzuli ziren biak eta herriaren historiaren une ilunenetako bat jasan zuten. Agintari frankisten errepresioa, burlak, bazterketa, edota Rosiren kasuan etxea kendu izana. Kasuistika antzekoa dute Perez eta Violetek. Erbestetik ama eta anai arrebekin itzuli ziren soilik, honela, beraien amek zuten familiaren ardura. Aukera guztiak aurka eduki arren, amek familia aurrera atera zutela gogorarazi du Rosi Perezek. Baita ere, eskualdean emakumeak Frankismoan egin dituen esfortzu guztiak bazterrean gelditu dela gogorarazi du Perezek.
Izanzirenak.eus
Errepresioa jasan duen emakumea omentzeaz gain, elkarteak omenaldian aipaturiko errepresio kasu bakoitza izanzirenak.eus web gunean jasoko du. Oraingoz, 50 kasu jasoak daude eraikitze lanetan dagoen web guneak eta gutxinaka elkarteak beste emakume guztien kasuak bertan jasoko ditu.
Era berean, elkarteak beste 50 emakume berriren errepresio kasuak dokumentatzen darrai. Informazio guztia osatua dagoenean, web gunera gehitu ahal izateko. Honela errepresalia kasuak jasan duten emakuemeen zifra 200era igoko da.