Artaleku kiroldegia. / Oihana Sanchez
Irungo Udaleko Kirol arloak jakinarazi duenez, hasia da Azken Portu eta Artaleku kiroldegietako denboraldi berriko ikastaroetan izena emateko epea. Urrian hasiko da denboraldia, eta erregularki aretoan zein igerilekuan antolatzen den programako jarduerek osatuko dute. Guztira, 4.200 bat toki eskaintzen dira hiruhileko bakoitzeko deialdiaren barruan.
“Udazken eta neguko hilabeteetarako eskaintzak aurreko urteetako ildoari jarraitzen dio. Maila eta gustu guztietarako proposamenak dira, hirian kirolean aritzeko beste aukera baten barruan, eta, beti, berrikuntzaren bat egiten dugu ordutegiei edo kirol modalitateei dagokienez”, adierazi du Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek.
Kiroldegietako negurako eskaintzak, horrenbestez, ohiko programazioari eusten dio, berrikuntza batzuk eginda baina. Guztira, 378 ikastaro programatu dira urteko azken hiruhilekorako: 244, igeriketakoak, eta 134, aretokoak. Instalazioei dagokienez, 180 jarduera Artalekun egingo dira, eta 198, Azken Portun, eta, guztira, 4.292 lagunentzako tokia eskainiko da: 1.876 toki Artalekun, eta 2.416 Azken Portun.
Yoga mota berri bat Berritasunen artean, lehenengo aldiz, power yoga sartu da programan, yogaren aldaera fisikoago bat (yoga ere eskainiko da, berdin-berdin, orain arte bezala). Ikastaro eta ordutegiei buruzko informazioa www.irun.org/irunkirol webgunean eskuragarri dago jadanik, eta interesdunek esteka horren bidez eman dezakete izena, edo aurrez izena emateko inprimaki bat sar dezakete Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako harrera lekuetako kutxatilan. Irailaren 3ra arte iraungo du aurrez izena emateko epeak, eta, ordura bitartean, abonatuek zein abonatu gabeek eman ahalko dute izena.
Aurretiko hitzordua hartu eta izena emateko zozketa irailaren 4an egingo da, 12:00etan. Ondoren, jendaurrean jarriko dira zerrendak, eta, irailaren 9an, izen ematea formalizatzeko epea hasiko da. Abonatuek zein abonatu gabeek ohiko bideak erabili beharko dituzte: aurretiko hitzordua egin eta bertaratzea edo Internet. Alde horretatik, gogoan izan beharra dago izena emateko fasean Irun Txartela eguneratuta izan beharko dela Internet bidez izena emateko (minutu gutxitan egiten da izapide hori, udal webgunearen bidez).
Aurreko denboraldian bezala, hitzordua hartzen duen pertsona bakoitzak ikastaro bakarrean eman ahalko du izena, baina, zerrenda bakoitzeko hitzorduak amaitutakoan (guztira, hiru zerrenda mota sortuko dira), ikastaro gehiagotarako eman ahalko da izena, Internet bidez, toki librerik badago betiere. Era berean, hiru zerrendetako hitzordu guztiak amaitutakoan, Internet bidez zein zuzenean (bi instalazioetako harrera lekuetan) eman ahalko da izena. Azkenik, hitzorduen epea bukatutakoan, izena aurretik eman ez dutenek izena emateko epea hasiko da. Igeriketa proba irailaren 7an egingo da, goizez (10:00etatik 12:00etara) eta arratsaldez (16:00etatik 17:00etara), Artalekun.