Berrogeita hamar obratik gora aurkeztu dira «18cm» lehiaketara
Bigarren edizioa du herritarrek parte hartzera irekia dagoen ekimen honek, eta aurten, Menchu Gal gogoratzeko ekitaldien barruan dago
Kultura arloak jakinarazi du martxan daudela «18 cm» lehiaketaren bigarren edizioko emaitzak ezagutzera emateko prestaketak. Ana Zubikoa komisarioa delarik eta Ricardo Catalan ekoizlea, 2018an sortu zen ekimena, artearen munduan agertoki berriak irekitzeko asmoz, mota orotako sortzaileek (afizionatuek, hasi berriek, amateurrek zein eskarmentudunek) egindako obrak erakusteko gune berriak sortuz. Erakusketa hau, ordea, berdingabea da, bertan parte hartzeko jarraibideak direla eta, benetako erronka baita artistentzat.
«18 cm» erakusketan parte hartzeko baldintza nagusia da lan guztiek neurri batzuen barruan egon eta gai jakin bati buruzkoak izan behar dutela. Bi zutabe horietan oinarritzen da erakusketaren zertasuna, eta, beraz, obrak 18 cm-koak izan daitezke gehienez ere, eta, edizio honetan, Menchu Gal artista irundarraren inguruko gai artistikoetan inspiratu behar dute, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen baita 2019an.
Pinturek, serigrafiek, grabatuek eta argazkiek 18 cm luze edo zabal izan beharko dute gehienez ere, eta, gainera, euskarri zurrun batean egon beharko dute, erakusgai jarri ahal izateko. Eskulturek, berriz, 18 cm luze, zabal edo sakon izan beharko dute gehienez ere. Ikus-entzunezko sorkariek, azkenik, 18 segundo edo minutu bat eta 18 segundo iraun ahalko dute. Teknika librea izango da, eta parte hartzaile bakoitzak hiru pieza aurkeztu ahalko ditu, aurtengo gaia Menchu Gal dela kontuan izanik betiere.
Parte-hartzearen balantzea positiboa da, zeren 56 obra jaso baitira (iaz baino 9 gehiago) 33 egilerenak. Formatu guztietako lanak daude, eta alor horretako Irungo profesionalek nahiz ohiko zaleek parte hartu dute, eta baita Donostialdeko eta Nafarroako beste artista batzuek ere.
Abuztuaren 23an, inaugurazioa
Abuztuaren 23tik irailaren 8ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa hori. Berritasun gisa, erakusketa-galerian obrak egiten ari direnez gero, erakusketara entzunaretotik sartzea erabaki ahal izango da (Pio XII plazatik sartuta).
Hilaren 23an, ostiralean, 19:00etan egingo da inaugurazioa, eta bertan, irabazleak ezagutzera eman eta sariak banatzeaz gainera, Irungo Ananda Dúo bikoteak emanaldia eskainiko du. Amaia Gomez flautistak eta Yoana Cantero gitarristak osatzen dute Ananda Dúo. Musikaz gainera, beste sorpresa batzuk ere espero dira, bertaratzen direnei ekitaldia girotzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario