viernes, 13 de septiembre de 2019

Kantu Zaharren bazkaria ospatuko da urriaren 5ean Atalaia Jatetxean

Noticia publicada en Diario Vasco,el viernes día 13 de Septiembre de 2019.

Kantu Zaharren bazkaria ospatuko da urriaren 5ean Atalaia Jatetxean

Inaxio Muguruza, Angel Mariezkurrena eta Aitor Mendiluze, ekimenaren aurkezpenean./F. DE LA HERA
Inaxio Muguruza, Angel Mariezkurrena eta Aitor Mendiluze, ekimenaren aurkezpenean. / F. DE LA HERA

Angel Mariezkurrenak bultzatutako ekimen honetan gastronomia, musika, bertsoak eta jai giroa batuko dira

JOANA OCHOTECOIRUN.
Kantu zaharrak, bertsoak, musika, janari eta edari goxoak eta, batez ere, giro ona. Hori da Atalaia Hotel Jatetxeak eta Angel Mariezkurrienak luzatzen duten proposamena: Euskal Kanta Zaharren Eguna ospatuko dute datorren urriaren 5ean.
Angel Mariezkurrenak «hogei bat urte» daramatza euskal kantu zaharrak berreskuratzeko lanetan. «Zer dira kantu zaharrak? Nire etxean ikusi dudana: mahai inguruan kantatzen ditugun kantuak, harreman bat sortuz elkarrekin. Ez dugu galdetzen bata besteari nongoak garen edo zer pentsatzen dugun. Denak ospatzeko intentzioarekin etortzen gara eta hori da garrantzitsuena», azpimarratu zuen.
Hori izango da, hain zuzen ere, Atalaian burutuko den zitaren osagai nagusia. Baina beste asko egongo dira Inaxio Muguruza Atalaiako arduradunaren eskutik: luntxa gonbidatuei ongi etorria emateko eta, ondoren, bazkari oparoa. «Ni, azkenean, sukaldaria naiz eta jatetxean jendeari ilusioa ematea gustatzen zaigu», adierazi zuen. «Ilusio haundia egiten dit ekimen hau gure etxera ekartzea». 200 lagunentzako lekua eskainiko du Kantu Zaharren bazkariak, baina dagoeneko «60 erreserba eginak daude».

Entzuleak eta protagonistak

Bertsoak izango dira ekimen honen beste osagai bat: «bertsolariak dauden bitartean, kantu zaharrak egongo dira», azpimarratu zuen Mariezkurrenak. Azken hauetatik, «ehunetik laurogeita hemeretzi bertsoak dira, doinu desberdinekin». Bertsoetan gertatzen den bezala, kantu zaharrek «gai guztiak» jorratzen dituzte: «arrantzaleak, mendizaleak, eliza, eskola, familia... Kantu zaharrak Euskal Herriko historia dira».

Egitaraua

13.00etan.
Ongi etorria muxugoxoarekin (luntxa: oilo eta txahal salda, arto ogia tipuliña eta titxikiarekin, kroketak, Arabako patata eta odolkia ardi gaztarekin labetua).
14.00etatik 19:00etara.
Bazkaria eta kantu zaharrak. Menua: onddo kurruskaria otarrainxkarekin, betiko bakailoa saltsan, limoi sorbetea, urdin sagarra errea ahate eta mahatsarekin eta goxua tejarekin.
Partehartzaileak
Angel Mariezkurrena (antolatzailea), Aitor Ibarra (tronpeta), Beñat Mitxelena (soinujolea) eta Aitor Mendiluze (bertsolaria).
Sarrerak
50 euroko prezioa dute. Erreserbak 685 728 487 edo 943 635 518 telefonoetara deituz egin daitezke. Izena emateko epea urriaren lehenengo egunetaraino dago zabalik.
Urriaren 5eko zitan bertsoak Aitor Mendiluzeren eskutik eskainiko dira. «Bertsoa jolas bat da guretzat, doinua eta hitzekin egiten dena baina baita jendearekin partekatzen den jolasa», adierazi zuen Mendiluzek. «Entzule eta bertsolarien artean konexio bat dago, elkarrekin bizitzen den momentu bat. Kantu zaharrekin berdin gertatzen da: entzuleek badakite zer kantatuko den eta parte hartzen dute. Horrek bertso saioetan dagoen plazerraren aldaera bat sortzen du». Aldi berean, Aitor Mendiluzek azaldu zuen bezala, «gauza berdina da, eta desberdina. Entzuleak ez du entzuten bakarrik, protagonista da baita ere». Gainera, bertsolaritzak «gastronomiarekin lotura bat du. Mahai inguruko jarduna izan da».
Kantu Zaharren bazkariek «ilusio berezia» egiten dutela azpimarratu zuen bertsolariak, «jendearekin beste harreman mota sortzeko aukera» eskaintzen dutelako. «Taldeko bat gehiago izatea, bertso zaharretatik edatea eta jasotzea, testuak interpretatzea norberak bere modura... Oso polita da, eta plazer bat». Ekimenean bi musikariek ere parte hartuko dute: Aitor Ibarra tronpetalariak eta Beñat Mitxelena soinujoleak.

Euskal Herriko izkin guztietan

Mariezkurrenak azaldu zuenez, «duela hogei bat urte hasi nintzen kantu zaharrak berreskuratzen. Eratsundarra naiz eta han, lehenengo egunetik hasi eta festak bukatu arte, dena kantua zen. Lehenengo Kantu Zaharra antolatu nuenean, bakarrik Eratsungo gauza zela pentsatzen nuen. Baina konturatu naiz ezetz, Euskal Herriko izkin guztietan kantatzen zela». Euskal Herri mailan antolatzen ditu Angel Mariezkurrenak ekitaldi hauek, eta kantu zaharren inguruko liburua argitaratu du baita. Salgai izango da datorren urriaren 5ean, Atalaian, 5 euroko prezioan.

No hay comentarios: