Ficoba. / Oihana Sanchez
Irungo Udalak, Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Irun Ekintzan Itunaren bidez eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzaz, antolatuta, azaroaren 25ean ekingo zaio Ficoban “Irun Open Innovation” ekimenaren beste edizio bati. Mahai-inguruak eta hitzaldiak izango dituen bosgarren edizio honetan ere berrikuntza izango da protagonista.
Jardunaldi hau sortu zen Irun Ekintzan itunetik berrikuntza sustatzeko garatzen diren beste ekintza batzuekin, hala nola, ekintzailetza berritzailerako laguntzekin eta berrikuntzari ematen zaizkion Irun Ekintzan sariekin, batera.
“Jardunaldi honekin tokikotik harantz joan nahi da, Iruna berrikuntzaren eta hiriko merkataritzaren eta ekonomiaren esparruan, Estatuan nahiz nazioartean, erreferentzia diren pertsonak, ezagutza eta esperientziak ekarrita, gure enpresentzat inspirazio-iturri izan daitezen, eta, aldi berean, Irun berrikuntzaren mapan finka dadin”, adierazi du Miguel Angel Paez, Irungo Udaleko Ekonomiako ordezkariak.
Bosgarren edizio honen ardatza funtsezkoa den gai bat izango da: hiriko ekonomiara eta merkataritzara aplikatutako berrikuntzaren garapena. Horretarako, ekitaldia diseinatu da bertara hurbiltzen direnek sektore horretan sortzen diren erronkei berrikuntzaren bidez aurre egiten lagunduko dieten tresnak izan ditzaten eta beste esperientzia batzuetatik ikasi ahal izan dezaten.
Horretarako, Estatuko eta nazioarteko aditu eta profesional talde bat eta bertako kasu arrakastatsuren bat izango ditugu. Profesional talde horrek hiriak eta inguruak dinamizatzeko hiriko mugikortasunaz hitz egingo du, esperientziak partekatuko ditu eta, esate baterako, Madrilek eta Valentziak erronka horiei aurre egiteko zer egiten duten, zer egin duten eta norantz joan nahi duten jakin ahal izango dugu, azken batean hiri guztiek, edozein neurritakoak izanda ere, antzeko erronkak baitituzte.
Eduki horiek lantzeko izango da bertan Braulio Gómez, Deusto Cities Lab Katedrako zuzendari laguntzailea, eta mahaian berarekin izango da Hanna Maria Van Zijp, urban plannerra, hiri-mugikortasuneko estrategia berrien garapenean aditua; eta hiriko ekonomia zer den azaltzeaz gainera, hiriko ekonomiaren alderdirik adierazgarrienak, hala nola, mugikortasuna, ingurumena, hirigintza, arkitektura, partaidetza-prozesuak, eta abar integratuko dituen eredu iraunkorrago baterantz egitea posible dela jakitera emango dute.
Horiez gainera, bertan izango dira Marta Nieto Novo, Madrilgo Erkidegoko Merkataritzako eta Kontsumoko zuzendari nagusia; eta Agustín Rovira Lara, Hiriguneak Kudeatzeko Espainiako Elkartearen sortzaile eta presidentea eta Valentziako Erkidegoko Merkataritza Ganberen Kontseiluko Merkataritza eta Lurralde Bulegoaren (PATECO) sortzaile eta zuzendaria. Sektoreko bi pertsona ezagun horiek hiriak eraldatzeko eta hiriko merkataritzaren kontzeptu berri bati bidea emango dioten estrategia berriak garatu ahal izateko beharrezkoak diren prozesuei eta erronkei buruz arituko dira. Horrez gainera, bertan direla aprobetxatuz, prozesu eraldatzaile hori gauzatzeko ezinbestekoak diren eragileei, tresnei, metodologiari eta esku hartzen duten faktoreei buruz ere hitz egingo dute.
Bertan izango den beste aditu bat Celestino Martinez, Actualiza Retail-eko zuzendari eta aholkularia eta Flow the retail partner enpresako project managerra da. Eta bere ondoan izango dira modernizazioaren eta garai eta erronka berrietara egokitzearen eredu den Vinoteca Mendibil ardotegiaren ordezkariak.
Izen-ematea zabalik
Jardunaldia goizez izango da (9:00-14:00) Ficoba erakustazokan (aparkalekua dohainik). Izen-ematea doakoa izango da, eta 943 50 53 38 telefono-zenbakiaren bidez edo irunon@irun.org helbidean egin daiteke. Programa Udalaren http://irunon.irun.org/es/ webgunean dago.