Euren etxebizitzetan lekua duten herritarrei dei egin diete, migranteen eskura jar ditzaten. "Erabilgarri dauden etxebizitzen sare solidario bat" osatu nahi dute.
Irungo Harrera Sareak larrialdiko harrerarako etxe bila dabil. Izan ere, gero eta oztopo gehiago aurkitzen dituzte migratzaileek hirian dauden bitartekoak erabiltzeko, hori da hedabideei bidalitako azken oharrean salatu dutena.”Migratzaileek jada ezin dute sartu mugaren alde honetan dagoen bitartekoan, plaza libreak egon arren, lehenago erabili dutelako”. Besteak beste, bertan lo egiteko epeak luzatzea ez aurreikustea leporatu diete erakundeei.
Gauzak horrela, “eskualdeko etxeetan migratzaileentzako larrialdiko egonaldia ziurtatu ahal izateko”, kanpaina bat abiarazi du sareak. Euren etxebizitzetan lekua duten herritarrei dei egin diete, migranteen eskura jar ditzaten. “Etxe partikularretan egonaldi laburrak egingo lirateke beti. Kontua ez da egonaldi luzeko bizileku bat bilatzea. Egun batzuetarako erabilgarri dauden etxebizitzen sare solidario bat egituratzea bilatzen da, premiazko egoera baterako, besterik ez”, diote sareko kideek.
Era berean, legez kanpo egindako kanporatzeen gorakada ere salatu nahi izan dute. Hori dela eta, azken hilabeteotan Frantziako gobernuak ilegalki kanporatutako pertsona gehiago artatu dituztela azaldu dute, “legediak ezarritako prozedurak bete gabe eta pertsona migratzaileei gutxieneko eskubide batzuk bermatu gabe”.
Amaitzeko, San Juan plaza inguruan lokal bat lortzen laguntzeko deia egin du sareak, harrera eta informazio lanekin duintasunean jarraitu ahal izateko. “IHS eskaera hau egin beharrean dago, Irungo Udalak ez baitu erantzunik eman Sareari zeregin horietarako lokal bat uzteko aukeraren inguruan”, salatu dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario