Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi berri duenez, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko irizpide berriak hartuko dituzte udalari lotutako jarduera eta ekitaldietan.
COVID-19aren hedapena jarraitzeko osatutako batzordeak hartutako azken erabakiak aurkeztu ditu gaur Jose Antonio Santano alkateak. «Egoera berri honetan neurri gehiago hartu ditugu pandemiaren hedapenari aurre egiteko», esan du alkateak. Udal jarduerari lotutako zenbait irizpide zehaztu dituzte.
Kaleko jarduerei dagokionez, soilik «behar-beharrezkoak» diren ekitaldiak antolatzeko deia egin dute. Udalak antolatutako jarduerak aldiz (haurrei zein helduei begirakoak), bere horretan jarraituko dutela zehaztu dute, hori bai, neurri oso zorrotzak hartuta.
Udaleko jarduerari lotutako bilerak ere murrizteko gomendioa eman du alkateak, online bidez egiteko beharra nabarmenduz. Aurrez aurre egiten badira, osasun gomendio guztiak jarraitu beharko dira. Zentzu horretan, plenoak, komisio informatiboak eta bestelako bilkurak formula erdipresentzialarekin egitea aurreikusi dute.
Bestelako udal instalazioetan, honako neurriak hartuko dituzte:
- Palmera Montero Gunea: ohiko jarduerarekin jarraitzeko asmoa dute bertan, osasun gomendioak bermatuta. Ezinbestekoak ez diren jarduerak ere bertan behera uzteko gomendioa eman du udalak.
- Kiroldegiak edo kirol instalakuntzak: Gehienez 6 laguneko taldetan aritzeko aukera izango da, %5eko edukierarekin.
- Kultur espazioak (CBA, Oiasso museoa eta Amaia KZ): Ohiko jarduerarekin jarraitzeko asmoa dute, osasun neurri zorrotzak hartuta.
Era berean, datozen asteotarako aurreikusitako zenbait ekitaldi bertan behera uztea erabaki dutela iragarri du Santanok. Hala, urteroko ezkien entrega edo Gabonetako argiztapenaren pizketa bertan behera geratu dira.
Kultur agendak ere aldaketak jasango ditu. Izan ere, alarma egoerarekin ezarritako ordutegia bete ahal izateko, zenbait emanaldi aurreratuko dituzte. Informazio eta xehetasun guztiak, esteka honetan kontsulta daitezke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario