miércoles, 27 de enero de 2021

«2021ean krisiari aurre egiteko» 76,5 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu udal gobernuak

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 26 de Enero de 2021.

«2021ean krisiari aurre egiteko» 76,5 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu udal gobernuak

Aurtengo aurrekontuen helburu nagusia «beste urte batzuetako zerbitzuak eta kontratuak mantentzea» dela diote, «familia eta egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei eta sektore ekonomikoari arreta berezia eskainiz, finean, «hiria ez gelditzeko».

Paez, Santano eta Nuño, gaurko aurkezpenean.

Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Miguel Angel Paez Ogasuneko ordezkariak eta David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak udal gobernu berriak prestatutako Irungo Aurrekontu Orokorren proiektua aurkeztu dute gaur, udaletxean eskainitako agerraldiarekin.

«2020. urtean COVID-19ak mundu mailako pandemia bat sortu zuen, eta horrek gure bizitzak aldatu ditu, baita, noski, gure hiriaren egoera ekonomikoa ere. Ildo horretan, udalek herritarrengandik hurbilen dagoen erakunde den aldetik, funtsezko zeregina dauka, lehenik eta behin, herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko, eta, bigarrenik, familiei, sektore ekonomikoei eta, batez ere, enpresa txikiei laguntzeko, krisiari aurre egiteko eta aurrera egiteko», esan du lehenik Santanok.

Azaldu duenez, aurrekontuen proiektu honetan 76.535.614 euro aurreikusi dituzte. Zifra honek iazko aurrekontuaren alderatuta %9,9ko jaitsiera dakar, kontuan hartuta 2020an Hegoaldeko Ingurabidearen eta Kabiara transferitutako Ama Xantalen egoitzaren proiektuak jaso zituztela.

Aurtengo aurrekontuen helburu nagusia «beste urte batzuetako zerbitzuak eta kontratuak mantentzea» dela erantsi du Paezek, «hilabete hauetan sortu diren beharretara egokituz, familia eta egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei eta sektore ekonomikoari arreta berezia eskainiz, hiria ez gelditzeko».

Diru sarreren atalean, iaz ez bezala, krisi egoeragatik nabarmen murriztu behar izan dute aurtengo aurrekontua. Hala, 2020ko hasierako gastuari eutsi ahal izateko zirriborro horrek 6 milioira arte zorpetzeko aukera aurreikusten du. Era berean, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpena ere murriztu egin dute aurten. Esaterako, 2020ko aurreikuspena 45 milioikoa zen, eta aurtengoa aldiz, 41,9 milioikoa.

Nuñok bestalde, aurtengo aurrekontuek 2020ko aurrekontu akordioarekin bat egiten duela nabarmendu du, Emakumeen Etxearen, HAZ Berdearen edo San Miguel, Anaka eta Alarde eremuan babes ofizialeko etxebizitzei jarraipena emanez.

%10eko igoera gastu sozialean
Udal gobernuaren arabera, gizarte zerbitzuen prestazioa hobetzeak «lehentasunezko ardatzeko bat» izaten jarraituko du. Horregatik, iazko datuekin alderatuta, gizarte politikak %10 igo dituzte, Gizarte Ongizate sailak gauzatzen dituen programa ugari zabaldu eta garatu ahal izateko. «Hazkunde handiena duten programak, kasu askotan, funtsezkoak dira krisi hau gehien pairatzen ari diren pertsonen edo kolektiboen beharrei erantzuteko; esaterako, Zubia egoitza eta adinekoentzako gizarte-egoitzak. Halaber, gastu berriak sartu dira gizarte larrialdietarako etxebizitzen kontzeptuan; hezkuntza-zerbitzu bat etxebizitza komunitarioetan eta beste hainbat gastu, Berdintasun arloan», erantsi du Nuñok.

Irun Aurrera
Era berean, 2021erako aurrekontu proiektuak konpromisoa hartu du Irun Aurrera planean ezarritako ildoak sustatzen jarraitzeko eta egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei laguntzeko. Zentzu horretan, enplegua sortzen duten programak indartzen ari direla nabarmendu dute udal gobernutik, esaterako, etxebizitzen eta saltokien energia eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren arloan hobekuntzak egiteko partida 740.000 eurotan handitzea, errazak bide publikoan okupatzearen tasari %95eko hobaria emateko asmoa berretsi dute edo Irun Aurrera programarako zenbateko osorako 270.000 euro gehiago erabiltzea aurreikusi dute. KM 0 Kultura sektoreari laguntzeko programa indartzea ere aurreikusi dute. 

Inbertsioei dagokionez, ondorengoak aurreikusi dituzte: CBAren bigarren faserako 100.000 euro, Emakumeen Etxearen proiekturako 170.000 euro, Emigrazioaren eraikinerako 50.000 euro, Gazteluzahar eta inguruko jardueretarako 200.000 euro eta Housing First proiekturako 100.000 euro. Hauez gain, 2021rako honako inbertsioak ere egitea pentsatu dute: Uztapide Bertsolaria plazaren berrurbanizaziorako 450.000 euro, Santa Elena kalearen berrurbanizaziorako 375.000 euro, ikastetxeetako lanak egiteko 320.000 euro, asfaltatze kanpainarako 300.000 euro eta espaloiak egokitzeko kanpainarako 415.000 euro.

Etxebizitza
San Miguel Anaka eta Alarde eremuetako hirigintza garapenak dira etxebizitzari dagokionez aurreikusi dituzten proiektu nagusiak. Hala, 2.620.000 euro bideratuko dira San Miguel Anakara, bertan etxebizitza eskaintza publiko handia aurreikusi baitu udalak, eta 1.360.000 euro Alarde eremurako, «alokairuko etxebizitza sozialarekin inplikazio publiko handia mantentzeko» asmoz.

Paezek gaineratu duenez, 2021eko aurrekontuak 2020ko aurrekontu partehartzaileetan hitzartutako jarduera gehienak jaso ditu, baina osasun egoera dela eta, ezin izan zituzten guztiak gauzatu.

No hay comentarios: