Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el jueves día 25 de Febrero de 2021.
2021eko Solas-Jolas programaren lehen pausuak
Solas-Jolaserako aurreinskripzioa egiteko epea martxoan irekiko da
Irungo Udalaren Euskara Arloak Solas Jolas programa aurkeztu du aste honetan. «Solas Jolas udalekuen helburua da euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko haurren jarrera hobetzea» adierazi du Miren Echevestek. «Ekimen honi esker, haurrek euskara modu naturalean eta entretenigarrian praktikatzeko aukera dute».
Hala ere “osasun-egoera ezegonkorra denez, pandemiaren bilakaeraren arabera, unean uneko agintari eskudunek zehaztutako neurriak eta protokoloak aplikatuko dira, eta familiei jakinaraziko zaizkie”, argitu du ordezkariak.
Udalekuak noiz: uztailaren 5etik 30era eta abuztuaren 3tik 31ra, 9:00etatik 13:00etara.
Parte hartu dezaketenak
2011tik 2016ra jaiotako haurrak, Haur Hezkuntzako 4 urtekoen gelatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitartean daudenak, betiere Irunen erroldatuta badaude edo nahiz eta beste udalerri batekoak izan Irunen ikasten ari badira.
Horietaz gain, parte hartu ahalko dute 2009an eta 2010ean jaiotako haurrek aipatutako mailetako batean badaude edota 5. edo 6. mailan egonda dibertsitate funtzionala badute.
Dibortziatuta edo legez bananduta dauden gurasoen seme-alabek, nahiz eta Irunen erroldatuta ez izan, uztaila edo abuztu osoan zaintza duen gurasoa Irunen erroldatuta baldin badago, zaintzapeko hilabetean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako epaitegiko sententzia edo ziurtagiria aurkeztu beharko du interesatuak.
Aurre-izenemate eta erreklamazio epea
SOLAS JOLAS 2021 udalekuan parte hartzeko aurre-izenematea martxoaren 1etik 12ra (14:00ak arte) izango da. Aurre-izenematea bide hauek erabiliz egingo da: www.irun.org web orriaren bitartez, HAZeko autozerbitzu terminaletan egunero 8:00etatik 22:00etara, edo 010/ 943 50 51 52 telefonora deituta astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara.
Aurre-izenematea egitean, programan parte hartu nahi duen haurraren datu hauek emango dira: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoak, aukeratutako txanda (uztaila, abuztua edo biak), ikasten ari den ikastetxearen izena eta maila, Solas Jolaserako aukeratutako ikastetxea/ak. Horretaz gain, haurrak dibertsitate funtzionala duen ala familiak DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) kobratzen duen zehaztu beharko dute. Izan ere, DBE kobratzen duten familiei % 75eko deskontua egingo zaie prezioan. Zozketari begira, anai-arreben kasuan, besterik esan ezean, zozketan elkarrekin parte hartuko dutela ulertuko da.
Zozketa eta behin betiko izenematea
Zozketarako onartutakoen behin-behineko zerrenda www.irun.org webgunean jarriko da martxoaren 22an. Horretaz gain, 010/943 50 51 52 telefonora deituta ere kontsultatu ahal izango da. Esan beharra dago garrantzitsua dela zerrendak kontsultatzea eta akatsen bat izanez gero, horren berri ematea Euskara Arloari. Erreklamatzeko epea martxoaren 22tik 26ra izango da. Horren ondoren, martxoaren 31n zozketarako behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Plazak apirilaren 12an zozketatuko dira eta emaitzak egun horretan 15:00etatik aurrera argitaratuko dira.
Irungo udalak plaza eskuratu dutenei posta elektroniko bat bidaliko die behin betiko izenematea egiteko beharko duten inskripzio-kodearekin eta erabili beharko duten loturarekin. Lotura horretan sartzeko IRUN TXARTELA erabili beharko da.
Behin betiko izenematea Interneten bidez egin beharko da apirilaren 19tik 30era bitartean SAC24h zerbitzuaren bitartez (www.irun.org/sac), edo HAZeko autozerbitzu terminaletan (SAC Herritarra Atenditzeko Zerbitzua, Anaka eta Ventasko Kutxabank, Azkenportu Polikiroldegia) egunero 8:00etatik 22:00etara; apirilaren 30ean salbu, izan ere, egun horretan 14:00 arte egin ahalko baita.
Aldaketak
Programaren hobebeharrez hiru aldaketa egin dira aurten:
1. Aurten ez da errepeskarik egongo. Aurre-izenematea egitean
ikastetxe bat edo bi aukeratu ahalko dira. Zozketan plaza lortuko ez
dutenak Ikastetxe bakoitzeko zain zerrendetara pasatuko dira.
2. Denek izango dute aukera ikastetxe guztietan parte hartzeko. Dena
dela, gogorarazi nahi da udalekuaren hizkuntza euskara dela; eta, beraz,
haurrek euskara maila egokia izan beharko dute ahozko erabileran, ongi
moldatu beharko dute bai hezitzailearekin eta baita bere taldekideekin
ere.
3. Txandek hilabeteko iraupena izango dute. Hilaren lehenengo lan
egunean begiraleak bakarrik arituko dira, eta egun horretan gurasoek
izango dute aukera ikastetxera joateko eta begiraleak ezagutzeko,
12:30etik 13:00etara, baina hortik aurrera hilabetea bukatu arte hartuko
dute parte haurrek.
Ikastetxeak
Aurten eskainiko ditugun ikastetxeak hauek dira:
Uztailean
Haur Hezkuntzan: Belaskoenea, Dunboa, Elatzeta, Lekaenea eta Toki Alai.
Lehen Hezkuntzan: Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza BHI, Elatzeta eta Lekaenea.
Abuztuan
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan: Dunboa
Prezioa
– Familia-unitateko kide 1 72,85 euro haur eta hilabete bakoitzeko
– Familia-unitateko 2 kide txanda berean 58,25 euro haur eta hilabete bakoitzeko
– Familia-unitateko 3 kide txanda berean 43,70euro haur eta hilabete bakoitzeko
– Familia-unitateko 4 kide edo gehiago txanda berean 29,10 euro haur eta hilabete bakoitzeko
– RGI / DBEen onuradunak 18,21 euro haur eta hilabete bakoitzeko
Kuota orokorraren %75eko hobaria aitortzen zaie Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duen bizikidetza-unitateko kideei, baina ezin izango da bateratu beste salbuespen edo hobari batzuekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario