jueves, 27 de mayo de 2021

Txotxongilo Taldeak bere 'Erreka Mari' ekarriko du Irunera konpainiaren 50. urteurrenean

Noticia publicada en Diario Vasco, el jueves día 27 de Mayo de 2021.

Txotxongilo Taldeak bere 'Erreka Mari' ekarriko du Irunera konpainiaren 50. urteurrenean

Familiei zuzendutako ikuskizuna larunbat honetan antzeztuko da, 17:00etan, Amaia Kultur Zentroan

Martin eta Erreka Mari txotxongiloak, aste bukaera honetan antzeztuko den istorioaren protagonistak. / P.M.
Martin eta Erreka Mari txotxongiloak, aste bukaera honetan antzeztuko den istorioaren protagonistak. / P.M.

JOANA OCHOTECO Irun.

Txotxongilo Taldeak 50 urte betetzen ditu aurten. Belaunaldi askok gozatu dute Enkarni Genua eta Manolo Gomezek 1971n sortutako konpainiaren istorioekin. Lehenetako bat Erreka Marirena izan zen: 1978an sortu zuten Genuak eta Gomezek ipuin hau: «Garai hartan euskaraz neska-mutilentzat oso aukera gutxi zegoen», eta estreinaldian «antzokia bete egin zen. Jende euskalduna horrelako ikuskizunak ikusteko gogoz zegoen», gogoratzen dute Genuak eta Gomezek.

Erreka Mariren istorioa bere sortzaileen ibilbideari erabat lotuta dago. Bikoteak azaltzen duenez, «gure ipuinen artean poza gehien eman diguna, haurrek gehien maite dutena, bizipen gehien eman dizkiguna, dudarik gabe, Erreka Mari izan da».

50 urte pasatu dira baina, pantailaz betetako garai hauetan, Enkarni Genua eta Manolo Gomezen txotxongiloek tiradizoa mantentzen dute. Joan den otsailean taldeak bere urrezko ezteiak ospatu zituen Donostiako Victoria Eugenia antzokian burutu zen ekitaldi batekin. Bertan 'Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia' antzeztu zen ikuskizunaz gozatu zuten 400 ikusleen aurrean.

Txalapartaren soinuekin

Irunen ere, larunbat honetan 17:00etan Amaian, haurrek eta helduek txotxongilo kuttun hauekin dibertitzeko eta ikasteko aukera izango dute. Antzezlana galdera batekin hasten da: «Ba ote liteke Euskal Herrian oraindik laminak bizi izatea? Nekez. Hainbeste zikinkeria, inbidia eta marmarrekin izkutatuz joan ziren laminak». Baina badirudi, behintzat, bat gelditzen dela, «eta bere istorioa kontatuko dizuegu». Gainera, 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikuskizun honetan Lara Mitxelenak eta Ixiar Jauregik txalaparta zuzenean joko dute.

Sarrerak 4,50 euroko prezioa dute eta salgai daude ohiko tokietan: www.irun.org/sarrerak web gunearen bidez eta Turismo Bulegoan.

No hay comentarios: