Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el jueves día 28 de Octubre de 2021.
Irun: Genero indarkeria saihesteko kanpaina abiarazi dute Irunen
Ekainean eta uztailean egindakoaren jarraipena da, azaroaren 25aren harira
jon guezala 28.10.2021 | 01:37irun – Irungo Udalak genero indarkeriaren inguruko sentzibilizazioan aurten egin duen lanaren ardatz nagusietako bat ekainean eta uztailean abiarazi zen nerabeei zuzendutako kanpaina bat izan da. Kontrola ez da maitasuna lelopean, kanpaina belaunaldi gazteengana zuzentzen zen eta bikoteen artean egunero gerta daitezkeen egoera toxikoetan eta jarrera negatiboetan jartzen zuen begirada. Irungo Berdintasun ordezkariak, Miren Echevestek, atzo iragarri zuenez, kanpaina berriz aktibatuko da datorren hilabeteari begira, azaroaren 25ean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna ospatzen baita.
Zinegotziak gogorarazi zuenez, kanpaina Irungo Imago agentziarekin batera diseinatu zen eta azaroan burutuko den bigarren fase hori hilaren 2tik 30era luzatuko da. Nobedadeen artea, kanpainak presentzia handiagoa izango du kaleetan udazkenean, kanpainaren irudia eta leloa duten banderak ipiniko baitira hiriko kale askotan eta autobusaren markesinetan. Gainera, udalerriko DBHko ikastetxeetan lanketa sakona egingo da kanpainaren baitan.
Berdintasun arlotik bidali nahi den mezuan sakontzen, Aitziber Iratzoki teknikariak gaur egun sare sozialek duten garrantzia azpimarratu zuen. "Mugikorrarekin eta sare sozialekin, gaur egun edonork bere bikotea non dagoen kontrola dezake ia une oro", zioen Iratzokik, lehen existitzen ez zen kontrol mota bat dela azalduz eta gazteen artean oso zabalduta dagoela argituz. Ildo horretan, kanpainaren leloak oso argi uzten du zein da gazteei transmititu nahi zaien idea: kontrol hau bikoteengan ezartzea maitasunaren kontrakoa dela.
Egoera oso kezkagarria dela adierazi zuen ere teknikariak: "Zifrak hor daude, azkenean gazteen artean ere indarkeria gauzatzen da eta badaude jarrera eta rol batzuk pentsatzen genituenak gaindituta zeudela eta bueltatzen ari direnak". Horregatik, kapaina honez gain beste ekimen batzuk antolatzen ditu urtero Irungo Udalak; eskoletan gai hau jorra-tzea funtsezkoa ikusten dute tokiko administraziotik, eta hala egin ohi dute puntu moreko edo Irun Beldur Barik bezalako programekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario