Noticia publicada en Diario Vasco, el viernes día 3 de Diciembre de 2021.
Irunek euskararen aldeko apustua bermatzen du
Gaur ospatzen den Nazioarteko Egunaren harira, Udalak bere adierazpen instituzionala ezagutarazi du
'Ez geratu begira!' lelopean, Irunek egunak daramatza gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren egitaraua gauza-tzen. Begira egon ziren, baina modu oso aktiboan, joan den asteburuan Amaia Kultur Zentroko areto nagusia guztiz bete zuten neska, mutil eta familiek, 'Perez sagutxoa'ren emanaldian.
Gazteek bete dute ere, hauek solasaldian, Mendibilen egiten ari den Mintzodromoa. Dagoeneko ohiko bihurtu den ekimen honek harrera oso ona du Irungo ikastetxeen artean: Bigarren Hezkuntzako gaztetxoak talde desberdinetan nahasten dira gai bati buruz hitz egiteko, euskaraz, noski, jende eta ikuspegi berriak ezagutzeko aukera ematen duen ekitaldian.
'Kalean bai' hitzarmena sinatu da aste honetan, eta atzo bertso saioa eskaini zuten Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek San Juan plazan. Euskara Udal arlotik antolatutako egitarauak zenbait zitak eskainiko ditu gaur: animazioa erdiguneko kaleetan, umorezko bakarrizketak Oiasso Museoan eta Idoia abeslariaren kontzertua Amaia Kultur Zentroan. Bihar, larunbata, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak kantu jira eskainiko du eta Skola Musikek euskal musikari buruzko dokumentala aurkeztuko du.
Egitaraua
GAUR, ABENDUAK 3
Goiz eta arratsaldez Kontu Kantoi taldearen eskutik animazio ekitaldiak egingo dira Zabaltza plazatik CBA Liburutegiaraino.
18:00. Umorezko bakarrizketak Oiasso Museoan.
19:00. Idoia abeslariaren kontzertua Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak doan dira, eta irun.org/sarrerak web gunean eskuratu daitezke.
BIHAR, ABENDUAK 4
12:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak kantu jira eskainiko du San Juan plazan.
19:00. Skola Musikek bere 'Euskal musikaren zertzeladak' dokumentala proiektatuko du Amaia Kultur Zentroan. Emanaldian zuzenezko musika egongo da. Sarrerak doan dira eta irun.org/sarrerak web gunean lortu daitezke.
Eta atzo ere, Udalak Euskaran Naioarteko Egunaren inguruan sinatu duen Adierazpean Instituzionala publikoa egin zen. Udal talde guztiek sinatu duten testuak «tentuz» berreskuratzen ari garen «zuzeneko harremanak, elkartzeko ohiturak, aukerak eta guneak» aipatzen ditu. «Eta erabaki sendo bat dugu gidari: ez dadila funtsezkorik ezer atzean geratu. Ezta euskara ere», azpimarratzen du Udalak.
Tinko erronkaren aurrean
«Aro berrian, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean. Euskara, euskal hiztunon komunitatearen jarrera proaktiboari esker, IKTek hizkuntza gutxituen hedapen eta indartzerako ekarri duten erronka handiari aurre egiten ari zaio, komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan. Eta zinez zaila du hizkuntza ozeano erraldoian horrelakorik lortzea». Adierazpenak dioenez, argi dago «erakunde publikook eskaini behar dugun ezinbesteko babes eta lidergotik, ekimen eta lankidetza publiko-pribatuaren eskutik lan egiten badugu, erronkaren neurriak ez gaituela beldurtu behar».
Testuak azpimarratzen duenez, «euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat». Bukatzeko, gaur egungo «aukera paregabea» dugula nabarmen-tzen da, «normaltasun berri baterako bidearen hastapen honetan berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko». Guztion esku dago. Euskara prest dugu; gure gizartea, gogotsu; gure herria, erabakia hartuta. Abia gaitezen», amaitzen du testuak.
EAJren hausnarketa
Irungo EAJk Euskararen Nazioarteko Egunaren harira bere hausnarketa partekatu du ere: «Euskara gure ondarearen zati garran-tzitsu bat da eta bizi garen mundu globalean besteengandik desberdintzen gaitu. Mundu honek, aldi berean aberastu eta pobretu egiten gaitu, dena estandarizatuz». Jeltzaleek nabarmentzen dutenez euskara «altxorra» da, «ondare kultural propioa, eta horretaz jabetuta, euskara babesteko eta gure belaunaldiei helarazteko ahalegin guztiak egingo ditugu».
«Egun, ondare honen dimen-tsioaren jakitun izanik, erraza da euskara sustatzeko eta erabiltzeko proiektuetan adostasuna lortzea. Adostasun hori, gure Udaleko ordezkari guztien arteko akordioetan islatzen da. Indar eta ideologia politiko ezberdinak euskararen aldeko akordio eta ekintzak aurrera eramaten ikustea itxaropentsua da», azpimarratzen du EAJk.
No hay comentarios:
Publicar un comentario