Pasa den apirilean martxan jarri zuen entzute prozesua aurrera jarraitzen duela gogorarazi nahi izan du Podemos Irun alderdiak aste honetan. Ekimenaren helburua, taldetik azaldu dutenez, “ahalik eta kolektibo, elkarte eta pertsona gehienekin biltzea eta beraiekin elkarrizketa mantentzea da”, hauen errealitatearekin eta beharrekin sentsibilizatzeko asmoarekin. Podemosetik azpimarratu nahi izan dutenez, edonork parte hartu dezake ekimenean. Dagoeneko hainbat ordezkarirekin bildu da alderdia eta, oro har, kolektiboentzat “egungo ziurgabetasun egoera oso kezkagarria dela” uste dute Podemosetik. Udal mailan, tokiko merkataritza suspertzea da jarduera esparru garrantzitsuetako bat, baita kirola klub eta instalazio egokien bidez sustatzea, Irungo ondarea indartzea edota beste mota bateko turismoa erakartzea. Alderdiarekin harremanetan jartzeko, helbide honetara idatzi daiteke: podemosirun@gmail.com.